Gabi de la Maza: "Beti erabili izan dut musika nire ikasleak motibatzeko baliabide gisa"

2008an ekin zion Gabi de la Mazak Youtuben euskarazko karaokeak argitaratzeari, ikasleek horrela eskatuta. 50.000 harpidedun baino gehiago ditu gaur egun bere kanalean.

Irakasletza ikasi eta euskal filologian espezializatu zen Gabi de la Maza, Deustuko Unibertsitatean. "Umeekin lan egitea gustuko izan dut beti, irakaskuntzan eman ditudan 37 urte hauetan asko gozatu dut", esan digu Gorlizen bizi den bilbotarrak. Besteak beste, Plentzia, Urduña eta Andrakako barnetegietan egin du lan, eta orain dela urte bi erretiratu zen. Gaur egun, Gorlizko Udaleko euskara zinegotzia da.

Euskararekiko jarrera negatiboak daudela dio de la Mazak, lana topatzeko eta azterketak gainditzeko, kasu. Bere ikasleei sentsazio positiboak helarazi guran ekin zion euskarazko abestiakaz karaokeak egiteari, hain zuzen. Ikasleakaz "erabilera eta motibazioa" landu izan ditu modu horretan.

"Beti erabili izan dut musika nire ikasleak motibatzeko baliabide gisa, gaur egungo erronka gazteenak motibatzea baita: euskara barnetik atera behar dugu, haziak ditugu baina ez dira hazten", diosku. Lehenengo, binilo, CD eta DVDetan ipintzen zituen kantak, eta 2004. urtean, barnetegietara ordenagailuak eta proiektatzeko lehen kanoiak heldu zirenean hasi zen karaokeak sortzen. "Ikasle-talde batek animatu ninduen bideo bat Youtubera igotzera, eta 2008ko uztailean Sorotan Beleren Arratsalde honetan igo nuen. Esker oneko mezu ugari jaso nuen, baita bideo gehiago igotzeko hainbat eskaera ere. Errutina bilakatu zen, etxera itzuli eta afaldu ostean bideoak igotzen nituen". Eta horrela, 2.000 kantu baino gehiago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun