Etika, besterik ez

Oihartzun handia izaten ari da estatu osoan Maldini kirol-kazetari famatuak hedabide ezagun batean esandakoa. El Chiringuito kirol-programaren aurka gogor egin zuen kazetariak joan den astean, bertan “kazetaritza baino show-a” egiten dutela esan zuen. Beste behin ere zabalik dago eztabaida: zer da kazetaritza, alegia, kalitatezko kazetaritza?

Azken hamarkadotan, entretenimenduak informazioari aurrea hartu dion honetan, joera dago, zenbait telebista-kateren informatibotan zer jazo den edo zergatik kontatu beharrean, nola gertatu den luze azaldu eta erakusteko, testuinguruak horrelako gehigarririk eskatzen ez badu ere. Formari gehiegi erreparatzeagatik, edukiak behar duen arreta galdu du. Gizarterako zer-nolako hezkuntza-eredua nahi dugun hausnartu beharko genuke. Zer erakutsi behar dute ikastolek? Nolakoak izan ziren Bigarren Mundu Gerrako guda odoltsuenak eta etsaiagaz akabatzeko teknikak, edo, Hitler izeneko gizon batek egindako basakeriak eta gauzatutako politikek nora eraman zuten mundua?

Audientziaren aspergarritasuna asetze aldera, informazio morbosoena lortzeko lehian dabiltza komunikabide asko; sarritan pertsonen ospea, irudia eta izen ona errespetatzea, eta norberaren edo familiaren intimitatean sartzea kontuan hartu barik. Besteak beste, sexu-eraso baten biktimaren datuak argitaratzea edo atentatu baten irudi gordinak erakutsi eta patxada ederrean geratzea behin baino gehiagotan ikusi dugu. Nire eskubideak, bestearen eskubideak hasten direnean amaitzen dira (Jean-Paul Sartre).

Bestalde, zurrumurruen kulturan bizi gara. Sinesgarritasuna ez da lehentasuna gaur egun, eta kazetari orori exigitu beharreko oinarrizko printzipioak (egiazkotasuna, objektibotasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna eta independentzia) ahaztu egin dira kasu askotan, are gehiago sare sozialen agerpenakaz. Egitate bat hamaika aldiz errepikatzeak ez du esan gura egitate hori egia denik. Kirol-kazetaritzan, kasu, maiz entzuten dugu: “Ordu gutxiren bueltan ofiziala egingo du fitxaketa taldeak”. Fitxaketarik ez ordu gutxiren ez askoren bueltan.

Esandakoaren harira, iturri fidagarriak baliatzea kazetarion kode deontologikoan sartzen da. Izan ere, kontrastatu gabeko informazioa publikatzea beti da akats larria, kazetaritzak funtsa galtzen baitu, eta zerbitzu publikoan betetzen duen eginkizunari eta funtzio sozialari kalte egiten dio. Halaber, aud
ientziak eta irakurleek erantzukizuna ere badute kalitatezko kazetaritza garatzen, eurek egin behar baitute hautua bere indar intelektual eta ideologikoaren arabera, zer kontsumitu eta zer ez kontsumitu erabakitzeko. Kazetaritza show-a da askotan, baina kazetaritzaren oinarrizko printzipioak betetzen dituzten kalitatezko-edukiak ere ugari dira. Badira hedabideak eta profesionalak, euren lana duintasunez egiten dutenak. “Para ser periodista hace falta una base cultural importante, mucha práctica, y también mucha ética”, Gabriel García Márquez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun