Arnasa gehiagoren bila

Bazen behin hilzorian zegoen naufrago bat, oso zaharra. Kondairak omen zioen betirako biziko zela. Ez zen berdina aditzen, ordea, bere itxuran. Makal eta zurbil zebilen, heriotza goiztiarra sufritzeko zorian egongo bailitzan.

Kostatu egin zitzaion astakirten batzuek ozeano zabalean babesgabe utzi eta hainbeste urte isolatuta igaro ondoren, lehen zuen erritmora bueltatzea. Zulotik ateratzeko laguntza jaso zuen, jakina. Antza, tratamendu batzuek sendatu zuten, edo behintzat, hobetu. Batua eta D eredua omen ziren sendagaiok.

Hainbat urtez naufrago ibilitakoarentzat leihoak irekitzean dagoela gakoa diote: "Zenbat eta leiho gehiago ireki, orduan eta hilezkorragoa izango da". Bere bizitza salbatuta dagoela dirudien arren, gure esku dago leihoak irekitzen segitzea, naufrago izandakoak mende luzez arnasa gogoz hartzen jarraitu dezan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun