Alejandro Salcedo: «80ko hamarkadan langileok astean irabazten genuen katedratiko batek hilean irabazten zuena»

Pertsonaia polifazetikorik ez dugu apenas ezagutzen gaur egun; obra-langilea, musikaria eta artisaua da, ordea, 1930ean jaiotako Alejandro Salcedo algortarra.

Baliteke Algortako Hezetasuna auzokoek argazkikoa ezagun izatea. Xelebrea dugu Salcedo: polifazetiko intelektuala. Solfeo ikasketak hasi zituen 11 urtegaz, eta handik gutxira bizitza osoan bidelagun izango zuen instrumentua ezagutu zuen: akordeoia, baita horregaz munduari itzulia eman ere! Izan ere, Salcedok aukera izan zuen Plentziako Umore Ona Orkestagaz itsasontzi batean munduko askotariko txokoak ezagutzeko eta ozeano denak zeharkatzeko, 1957tik 1962ra.

Horrez gainera, langilea izan da gure protagonista, Bilboko lehengo zinema guztietako dekorazioa ipini du noizbait. «Langilea izateak ez du esan nahi tontoa zarenik: 80ko hamarkadan langileok astean irabazten genuen katedratiko batek hilean irabazten zuena», esan digu. Hori gutxi balitz, eta eskultore- edo artisautza-titulurik ez duen arren, 30 urte daroatza Salcedok arrantza-ontzien erreplikak egiten, kalean topatzen dituen lehengaiakaz: «Badaude erraz aurkitzen ez ditudan materialak, orduan jotzen dut dendara». 60 itsasontzi baino gehiago ditu gordeta, eta lagunei oparitzen dizkie egiten dituen gainontzekoak. Ez du negozioa egin gura, pieza bakoitza, berak aitortu digunez, ia 2.000 euro kostatzen bazaio ere. Mozkin ederra aterako lukeen arren, berak diruaren aurrean sentimenduzko balioa lehenesten duela adierazi digu: «Gauzak begirunez egin beharra dago, pertsona bakoitzak barruan duen altxorra erakutsi behar du».
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun