Astelehenetik domekara, arrastiro, lau hilabetez. «Neguko egunen batean nire falta sumatzen baduzu, zerbait txarra pasa zaidanaren seinale», esan digu Lópezek. Hemeretzi urte daroatza Algortako Telletxe plazan gaztainak saltzen, eta saltokian bertan elkartu gara beragaz. Segituan erreko dituen fruituei ebaketa txikia egiten dabil, begirada aiztotik kendu ezinik. «Arratsaldeko hiruretan heltzen naiz egunero, ikatza lapikoan jartzen dut, eta irekiera fina egiten diet gaztainei, suan leher ez daitezen», dio. 2000. urtean Algortan hasi baino lehen, hogei bat urte eman zituen Areetan, familiaren negozioari eutsiz.
«Gurasoekin hasi nintzen 70eko hamarkadan; neguan gaztainak saltzen genituen, eta udan izozkiak», esan digu. Batxilergoko ikasketak burutu ondoren, aita-amen negozioan lagundu ez ezik, kamioilari ere hasi zen López. Gaur egun, ogibide biak uztartzen ditu: «Gehiago irabazten dut kamioilari modura, baina argi daukat erretiroa hartu arte gaztainak saltzen ere jarraituko dudala».
Fruituari mozketak egiten jarraitzen du, burumakur, egunero urritik otsailera betetzen duen errutinari men eginez. Argi du bere lanbidearen alde onak eta txarrak zeintzuk diren: «Euria kalamidadea da niretzat. Berdin dit beroak, baina euriarekin ez dut tutik ere saltzen. Bestalde, gehien baloratzen dudana bezeroekin dudan tratua da. Badira batzuk hemeretzi urtez ia egunero etorri direnak. Horrexegatik ezin dut egun euritsuetan hutsik egin, egunero etortzen direnentzat egon behar dut nire saltokian».
Adinekoak, helduak, gazteak, umeak… Askotarikoak hurreratzen dira Lópezengana, arrasti hotz eta lehorretan batez ere; eskuak epeldu ez ezik, sabela berotu eta afaltzeko itxaronaldia laburragoa egite aldera. «Esango nuke umeen %95i gaztainak gustatzen zaizkiela, harritu egiten nau horrek».
Kasik mende erdiz produktu beragaz lan egiten dabilena ondo baino hobeto moldatzen da bere arloan esperientziadun lorezain bat loreakaz, irakasle bat ikasleakaz edo mediku bat gaixoakaz bezala. Gakoa produktua ondo aukeratzean dagoela dio gaztaina-saltzaileak: «Galiziako fruitu onenak lortzen ditut nik, Ourense aldekoak. Turkian eta Portugalen ere, besteak beste, eskatu ditut noizbait. Gaztaina ona hautatuz gero, zuritzeko erraza eta zaporez gozoa alegia, lana eginda dago». Gabonen atarian, eta Lópezek maitasunez prestatutako gaztaina erreak eskuan, gogoz kanta dezagun: Txipli txapla pun, Gabongaua pozik igaro daigun.