Euskara irakatsi ala hiztun aktiboak sortu?

Erabiltzailearen aurpegia Kike Amonarriz 2023ko urt. 30a, 11:54

Maiatzaren 14an bi hitzaldi eman nituen Donostiako irakasleen unibertsitate eskolan. Hasi orduko, galdera hau egin nien hurbildu ziren 150 bat ikasleei: hona iritsi aurretik ikasi duzuen institutu, ikastetxe edo ikastolan, zein izan da praktikan, eta ez teorian, jaso duzuen irakaskuntzaren helburua? Zuek euskara ikastea, ala euskal hiztun aktibo bilakatzea? Hiru laurdenek inguru lehen aukeraren alde jaso zuten besoa, eta laurden eskasak aukeratu zuen bigarren aukera. Ikasle gehienak gipuzkoarrak ziren, askotariko jatorri eta eremu soziolinguistikotakoak, eta ia denak D eredukoak. Baina gehiengoaren sentipena argia zen: jaso duten heziketa euskara eta euskaraz irakastera mugatu da, ez ditu euskaldun aktibo izatera bultzatu.

Handik hiru egunera, Donostiako IRALEn eman nuen beste hitzaldi bat Gipuzkoa osoko 80 bat irakasleren aurrean (ia denak D eredukoak). Haiei, galdera hau egin nien: zein da, praktikan, zuen inguruko ikastetxe gehienen helburua? Ikasleek euskara ikastea, ala ikasleak hiztun aktibo bilakatzea? Irakasleen erantzunetan aldeak askoz ere nabarmenagoak izan ziren: bost bat bigarren aukeraren alde eta beste guztiak lehenaren alde. Hau da, ia guztien pertzepzioa da, Gipuzkoako ikastetxe gehienak euskara (eta euskaraz) erakustera mugatzen direla, baina erabileraren aldeko jarrera proaktiborik gabe.

Hilabete hauetan, hezkuntza sistema aztergai izan duten hainbat bilera eta elkarrizketetan parte hartzea egokitu zait, eta urteotan irakaskuntzatik urruti xamar ibili naizenez, ezustean harrapatu naute era honetako esaldiek: “Gaur egun ia inor ez da ausartzen ikasleei euskaraz egiteko eskatzera”. Are gehiago, portaera hori talibankeriatzat hartu duen euskarazko irakasleren bat ere izan dut aurrean.

Errealitate gordin honek harritu eta larritu egin nau, euskararen sustapenari eta normalizazioaren aldeko diskurtsoei dagokienez, atzera egin dugula iruditu zaidalako. Euskara hizkuntza gutxitu bat da eta, munduko beste hizkuntza gutxitu guztiek bezala, nozitzen duen egoera minorizatua gaindituko badu, ezinbesteko ditu hizkuntzaren ikasketa egokia eta ezagutzaren unibertsalizazioa bermatuko duten ikastereduak eta beronen erabilera nagusi izango den eremu geografiko-funtzionalak, hezkuntza-eremua barne.

Egoera honetan, hezkuntza-sistema ezin liteke euskara erakustera mugatu. Ezjakintasunez, edo intentzionalitate osoz, neoliberalismo linguistikoa praktikatzea, hau da, gaztelania/frantsesa, ingelesa edo euskara modu berean tratatzea eta hezkuntza-komunitate gisa euskararen erabilerarekiko jarrera neutroa hartzea, praktikan, hizkuntza hegemonikoen alde egitea da; jolaslekuen erabilerari dagokionez, neskek espazioak irabazteko politika sustatzaileak ez aplikatzea, patioak mutilen esku uztea den ber. Euskararen erabileraren aldeko sustapen politikak egikaritzen ez badira, inertziak eta presio linguistikoek, gaztelania, frantsesa edo ingelesa erabiltzera eramango dituzte haurrak eta gazteak. 

Besterik da, egin beharreko interbentzioak nolakoak izan behar duten. Nire ustez, euskararen erabileraren sustapenak bat egin behar du gela, ikastetxe eta herrietako aniztasunarekiko errespetuarekin, norberak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko duen eskubidearekin eta oinarrizko balio demokratikoekin. Baina, helburua izan beharko litzateke Euskal Herriko hezkuntza-sisteman euskaraz bizitzea eta ikasleen arteko hizkuntza komuna euskara izatea.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun