Martxan da Herri Unibertsitatea

Erabiltzailearen aurpegia Leioatik! 2016ko mar. 15a, 10:00

Leioako Herri Unibertsitatearen lehenengo eguna izan zen atzokoa. Goizeko 9:00etan eman zioten hasiera manifestazio batekin, ekitalditxo batekin jarraitua izan zena. Horren ondoren, goizeko bi txandetako hitzaldiak egon ziren, bederatzi guztira; hala nola, "Porrotxekin irrigintzaz" eta herrigintzaz edota emakume zientzialariak. Hitzaldi guztiak bete ziren eta jendea oso gogotsu egon zen klaseetan parte hartzeko.

Bazkaldu ondoren, arratsaldeko mahai-inguruari ekin zioten: "Emakumea euskal askapen mugimenduan". Ainhoa Etxaide, Arantza Arruti eta Onintza Enbeita izan ziren gonbidatuak. Feminismoaren inguruan izan zen hitzaldia nagusiki eta honek prozesu politikoan eta nazio eraikuntzan hartu behar duen papera. Bakoitzak bere esparrutik eta esperientzietatik kontatu zuen feminismoaren eta emakumearen egitekoa egunerokotasunean eta baita hemendik aurrera ere. Gimnasio txikia goraino bete zen.

Honen ondoren, tailer desberdinak zein hitzaldiak egon ziren, tartean zirku tailerra egon zen edo soziologiako ikasleek eman zuten herri boterea hitzaldia. Hauetan ere jendea batu xzen eta parte hartzea handia izan zen. Hitzaldiak eta gero jakintzaren kolektibizazioa izan zeb bakoitzak dakienetik besteekin partekatzeko eta taldetxoetan gustura hitz egiteko aukera egon zen.

Itxialdiaren aurretik hitzaldi teorikoetatik praktikoagoetara jo zuten; masaje, eskulan, dantza eta autodefentsa tailerrak izan ziren aukeren artean. Porru pataten afaria, kantautoreekin batera eta pelikula emanaldiarekin amaitu zen eguna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun