Badago burujabetzaren aldeko hautua euskara arnasberritu nahian egiten duenik, eta badago bertoko indar harremanen araberako antolaketa sozioekonomikoaren beharretik ekiten dionik, edota gure herria despatriarkalizatzeko aukera gehiago ditugulako bertatik bertara. Badago ere gurea harrera herri bilakatzeko helburuz lotzen zaionik burujabetza prozesuari, edota trantsizio ekosozial justua hemen antolatzeko apustua egitetik. Asko dira erantzun berdinera garamatzaten arrazoiak: Euskal Herriak burujabetza osoa behar du. Hemen ditugun indar harremanak aldaketa soziopolitikoa elikatzeko tresna delako burujabetza.
Herri txikia da gurea, zapaldua eta zatitua. Beraz, ezin dugu guk gure arteko banaketan sakondu. Herri oso baten burujabetza prozesuaz ari bagara, herri osoak ardura hartu, bakoitzak bereari begiratzeari utzi eta elkarrekin ekiteko unea da. Alderdietan jarri ohi da begirada, baina esparru sindikaletik ere eraiki behar da burujabetza prozesua elikatuko duen batasuna. Askotariko herri mugimenduak ere eragile izan behar dira baldin eta hemen ditugun indar harremanak aldaketa soziopolitikoa elikatzeko baliatu nahi badira. Eta noski, Herria bera da gako, mobilizazio herritar iraunkorrik gabe nekez emango baita aldaketa politiko edota juridikorik. Nekez lortuko du herri honek askatasuna elkarrekin ekiten ez badugu.
Finean, denok interpelatzen gaitu gure herriaren etorkizuna eraikitzeko tresnak eskuratzeak. Ekainaren 7an denok Bilbora!
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.