Dirulaguntzak hedabideei emateak hizkuntza politika gainditzen du eta ondo irizten diogu, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak eta horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan. Hedabideen kasuan, gainera, behar dira editorial ezberdinak dituzten hedabideak, behar ditu demokrazia sano batek. Edozein industria arlo moduan hedabideena ere lagundu izana albiste ona da eta horretan sakontzeko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari.
Hala ere, momentuz, COVID-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri da dirua, eta, bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea. Arrazoia oso argia da: COVID-19ak hedabide guztioi eragin digu. Datu horien berri badu Eusko Jaurlaritzak.
TOKIKOM osatzen dugun hedabideon kasuan, zailena zen momentuan ere mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak zabaldu ditugu kazetaritza egin eta zerbitzua emanez. Biak ala biak ziren garrantzitsuak, 200 profesional baino gehiagok eman zuten komeni zen zerbitzu esentzial hori eta irismena handia izan da, trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino Tokikomeko hedabide digitaletan, esaterako.
Eman eta hartu. Herritarrek eskertu dute tokikoetan egindako lana eta datuak dira horren adierazgarri; erakundeek ez zuten berdina pentsatu, antza, pandemian egindako kanpainak eta publizitatea ia osotasunean egunerokoetara bideratu zutelako. Hala ere, espero dugu publizitatearekin ez bezela, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela. Horixe da idatzi honen helburua: eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenendako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan dirulaguntza puntual bat adostea.
COVID-19a ez dute sufritu dirua jaso dutenek bakarrik; latza izan da kazetaritza egitea egun horietan eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea. Hasieran esan dugunez, beraz, albiste ona da Eusko Jaurlaritzak hedabideen sektorea industria moduan kontuan hartu eta harentzako ere COVID-19 laguntza bereziak sortu izana. Eseri gaitezen mahai baten bueltan eta adostu ditzagun sektore osoarentzako babesaren nondik norakoak.
Andoainen, 2021eko azaroaren 25ean
TOKIKOMen Administrazio Kontseiluak