Abenduaren 15a arte zabalik Euskararen Ginkanan izena emateko epea

Hasiera batean abenduaren 3a bazen ere Euskararen Ginkanaren 5. edizioan izena emateko azken eguna epe hau abenduaren 15a arte luzatu da.

Abenduaren 3an eman zitzaion hasiera Euskararen Ginkanaren 5. edizioari eta egun berean amaitu zen lehiaketan parte hartzeko epea. Halere, epe hau luzatzea erabaki dute antolatzaileek eta taldeei izena emateko aukera zabaltzea abenduaren 15a arte. Izen ematea Euskararenginkana.eus webgunean egin behar da.

Dagoeneko 24 dira ginkanan izena eman duten taldeak. Izaera eta eremu geografiko desberdinetakoak dira taldeok, gipuzkoarrak eta nafarrak dira talde gehienak baina badira bizkaitarrak eta arabarrak ere, bada Lapurdi, Zuberoa eta  Nafarroa Beheko ikasle euskaldunek osatutako taldea ere eta baita Madrilen bizi diren euskaltzale taldea ere. Anitza da taldeen izaera, badira aisialdi eta kultur taldeak, euskara elkarteak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, hezkuntza arlokoak, ikasle taldeak, … Saria irabaziz gero finantzatu nahi dituzten proiektuak ere anitzak dira eta benetan interesgarriak, Euskararen Ginkanaren webgunean bisitatu ditzakezue beraien buruak eta babestu nahi dituzten proiektuak aurkeztuz egin dituzten bideoak.

Euskararekin eta euskaraz jolastuz dibertitzeko lehiaketa da Euskararen Ginkana eta sariarekin euskara sustatzea du helburu. Animatu eta parte hartu 3.000 euroko saria duzue zain.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun