Gozamena da jendearekin zelan konektatzen duen sentitzea, gai da talde batean norbanako bakoitzaren beharrez berehala ohartzeko. Artista da denon ahotsak entzun daitezen lortzen, dotorea beti hitz egiteko joera dutenak tarteka isilarazten eta isilik eta oharkabean igaro litezkeenei ahotsa ematen, gaitik urruntzen garenean berriro gaira bideratzen, elkarri errespetuz eta adi entzutearen garrantzia eta plazera erdigunera ekartzen. Askotariko adin, jatorri, ohitura eta bizipenak ditugun emakumeok batu eta, konturatzerako, urruntzen gaituzten aurreiritziak eta hormak eraitsi eta bestelako begirada eta sentipenak pizten dizkigu. Energia eta presentzia bereziko emakumea da, irribarre maitagarrikoa, begi bizi eta pikaroak ditu, alaia da, musika entzun orduko gorputza dantzan jartzen zaien horietakoa. Inolako harrokeriarik gabeko pertsona.
Nire iritziz, Euskal Herria gutariko askok baino hobeto ezagutzen du. Inurri-lana egiten du, sareak ederto ehuntzen ditu, bizipoza barreiatzen du. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez! Maite zaitugu, Cony!