Astrabudua bada

Erabiltzailearen aurpegia Yortx Martin 2016ko ira. 9a, 23:44

Astrabudua bada “Teruel existe”. Honela, Espainiako probintzia honetako biztanleek salatzen zuten instituzioengandik jasotzen zuten ahanztura. “Teruel existe” koordinadora 1999an jaio zenean autobiarik gabeko Espainiako probintzi bakarra zen Teruel eta zegoen trenbide linea bakarrean trena trenbidetik zortzi aldiz atera zen urte bakar batean. Astrabudua ere bada.

Barandiaranek zioen bezala, izena duena bada eta Astrabudua bada, bai horixe! Astrabudua auzoak Erandioko udalerrian kokatuta 10.000 mila biztale baino gehiago dauka. Hala ere, Erandioko udala eta Eusko Jaurlaritzarentzat Astrabudua ez da existitzen. Astrabuduko Lehen Hezkuntzako Ignacio Aldekoa ikastetxea, 500 ikasle baino gehiago duela, 15 urte daroa kirolgune estali bat eskatzen. Gure ordezkarien erantzuna beti ezetza izan da orain arte. Eguraldi euritsua denean ikaslegoak Heziketa fisikoko saioak galtzen dituzte eta baita atsedenaldiak klasetik kanpo gozatzeko aukera ere. Tamalez, orain dela gutxi "El Correo"-n agertutako artikuluaren arabera Erandioko Udala zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik baieztatzen dute Astrabudua ez zaiela inporta. Artikuluan bertan zehazki Eusko Jaurlaritzak dio legealdi honetan ez dagoela Astrabuduako ikastetxe honentzako planik. Eta etorkizunean agian, akaso, apika Ignacio Aldekoaren txanda hel daitekeela. Hau da, gure auzoa “agian” batera kondenatzen dute. Lotsagarria da ohartzea 15 urte ondoren gure ordezkariek ez dutela Ignacio Aldecorako planik, ez direlako epeez mintzatzen, ezta datez ere. Izan ere, duela 15 urte bezalaxe gaude, ahaztuta. Astrabudua ez da lehentasuna, pertsonak helburu dutela argudiatzen dutenentzat. Hezkuntza komunitatea eta auzoko bizilagun asko oso haserre gaude egoera honekin. Eta borrokan jarraituko dugu gure txikientzat konponbide duina lortu arte. Jakitun garelako ze garrantzitsua den heziketa osoa eta kalitatezkoa izatea. Mugitzea funtsezkoa da adin hauetan osasuntsu izateko. Gainera, kirolgune estali bat ez izateak kalte asko dakar, esate baterako estresa handitzea umeengan eta ondorioz konfliktibitate gehiago gela barruan. Horrexegatik, behin ta berriz, eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari ta Erandioko udalari haien lana egin dezatela: kirolgune estali bat Ignacio Aldecoa ikastetxean. Ez kondenatu gure mutil eta neskei denbora gehiago marjinazio honetara. Ikusi arte. Aupa Astrabu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun