Gorlizko laberintoa

Erabiltzailearen aurpegia Yortx Martin 2021ko aza. 19a, 11:20

Gorlizko eskolan garbitzaileen grebaren ondorioz 170 egun daramate zikinkeri artean. Guraso eta irakasleek protesta egiten duten arren, momentuz egoera bere txarrean dirau.

Gaur egun, bizi dugun Covid egoera nahasgarri honetan maskara aurpegian eta gela eskuetan ibiltzeko ohitu gara, halabeharrez. Dagoeneko gehienok nazkatuta gaude egoera hau gehiegi luzatzen ari delako. Hala ere, badakigu behar dena eta gehiago egin behar dela normaltasun batera heltzeko. Osasuna baita gure bizitzaren oinarririk garrantzitsuena.

Gizartean bezala, eskoletan ere egoera berrira moldatu behar izan dira eta ikasleek inork neurriak baino hobeto  betetzen dituzte, egunak joan egunak etorri. Osasun neurriak zorroztu dira Eusko Jaurlaritzak agindu bezala, gela, xaboia, tenperatura, musukoak… Egoerak hala aginduta osasuna zaintzeko hamaikak eta bi ahalegin egin dituzte eskoletan. 

Hala ere, zaila da ulertzea Gorlizko eskolan gertatzen ari dena garbitasuna bere gorenean egon behar denean. Izan ere, dagoeneko eskolak 170 egun bete ditu garbitzaileen greba mugagabean.  Gaur egungo eskolako egoera zabortegi batera gehiago hurbiltzen da ume eta langileez beteriko eskola batera baino. Lotsagarria da 2021. urtean holako egoera bizitzea, geure txikienek gehien zaindu behar ditugun horiek egunero jasan behar izatea egoera tamalgarria hau, gure agintarien konpetentzia ezagatik.

Gainera, egoera hau ez zen atzo hasi,  2020ko otsailean sortu zen azpikontratatutako garbitzaileen greba hasi zelako. Honen ondorioz, eguneroko egoera zikinari gehitu behar zaizkio zenbait ikasle eta irakasleren alergia eta dermatitis arazoak.

Laberintoetatik irtenbidea aurkitzea zaila izaten da normalean. Baina egon badago. Gorlizko ikasle, guraso eta irakasleak saiatu arren ez dute irtenbiderik topatzen eta ematen du egoerak okerrera baino ez duela egingo ortzimugan argi izpirik ez delako agertzen. 

Gure ordezkari politikoek, geure arazoak konpontzeko bozkatu ditugun horiek, orain dute aukera euren gaitasuna erakusteko, benetan pertsonak lehenesten badituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun