Netflixeko azken seriea Goikolanda eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Yortx Martin 2022ko urt. 7a, 23:22

41 urte duen Goikolanda eskolak ez dauka beharrezko aterperik, ezta gimnasiorik ikasleek patioan jolas dezaten eguraldi kaskarra dagoenean. Lanak 2017an hasi behar ziren arren, 2022an gaude eta oraindik ez dago gimnasio berriaren lanak hasteko datarik.

2010eko azaroan Goikolanda eskolako guraso elkarteak gurasoei bidalitako gutun batean salatzen zuen eskolak 30 urteko ibilbiderekin ez zuela beharrezko gimnasio bat. Zoritxarrez, istorio honek berdin dirau eta aldatu den bakarra denbora da. Gaur egungo Guraso elkartea ere eskolako zuzendaritzarekin batera gimnasio berria egi bihurtzeko lanean gogor ari den arren, jadanik, eskolak 41 urte dauka eta oraindik orain, 2022 estreinatu dugun honetan ez dugu gimnasio berriaren lanak hasteko datarik. Eta denbora aurrera doa. 

Bestaldetik, pandemia garai honetan, eskola askotan eguraldi txarrari aurre egiteko karpak jarri dituzte patioan. Horietako eskola askok badute lehenagotik aterperik patioan, frontoi moduko estalgune bat kasu batzuetan eta hala ere, nahikoa ez dela iritzita karpak jarri dituzte umeek jolas dezaten aire librean. Goikolanda eskolan, ordea, premia handia izanik,  ez dute karparik jarri. Gimnasiorik gabe, karparik gabe… 

Netflixeko telesailak modan dauden garai honetan Goikolandako gimnasio berriaren azken kapitulua ez da inoiz heltzen. Bukaera polita izan behar duen pelikula hau drama bat bihurtzen ari da. Ikasleak etorri, ikasleak joan gimnasio berria gozatu gabe irteten direlako eskolatik DBHra joateko. Euria dagoenean, patioan aterperik gabe, musukoa jarrita, gela barruan egoteko kondenatuta daude gure umeak. Gainera, ez dezagun ahaztu zer garrantzia duen mugimenduak umeen adin honetan. Tamalez, gaur egun gure seme-alabek Goikolandatik pasatu diren aurreko belaunaldiak bezala ezin dute kanpora atera atsedenaldiaz gozatzeko.

Ez al dute gure haurrek beste arreta bat merezi? Hau al da saltzen diguten Hezkuntza kalitatea? 

Hauxe al da pertsonak helburu duten gure ordezkarien estiloa? Noiz arte itxaron behar dugu beharrezko azpiegitura hau izan arte? 

Izaskun Garcia eta Jorge Martín

Goikolanda eskolako guraso

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun