Erandioko udalak Astrabuduako Mendiguren plaza zulo bat bihurtu nahi du.

Erabiltzailearen aurpegia Yortx Martin 2022ko abu. 27a, 03:10

Erandioko udalak onartutako kreditu aldaketari esker, 450.000 euro bideratuko dituzte Astrabuduko Mendiguren plaza estaliko du. Hauxe litzateke gure Astrabudua auzo txikian dugun espazio zabal bakanetako bat betiko kondenatzea eguzki argia oztopatuz eta negutegi beroegi sortuz, auzotarren nahia kontuan hartu gabe.

Duela gutxi jakin dut Erandioko Udalak Astrabuduako Mendiguren plaza estaltzeko aurrekontua onartu duela. Batetik, harrituta nago horren beharrik ikusten ez dudalako eta, bestetik, gure auzoan beste behar batzuk ditugulako honen aurretik.

Kontuan hartzen badugu Astrabudua auzoa oso modu desordenatuan eraiki zela eta eguzkiaz gozatzeko espazio zabal gutxi ditugula uste dut Mendiguren plaza estaliz irabazi baino gehiago galduko dugula.

Argia bizitza da. Astrabudua auzo txikia da eta espazio libre gutxi daukagu. Luxua litzateke daukagun argi apurra oztopatzea. Urtean zehar, haurrek zein helduek denbora asko pasatzen dute Mendiguren plazako gune ireki honetaz gozatzen. Estalpearekin argitasun hori galduko genuke eta eguraldi beroarekin eremu hau negutegi bat bihurtuko litzateke, bero gehiago sortuz.


Bestalde, Astrabuduako jaietan, Mendiguren plaza txosnagunea da, erromeriak eta kontzertuak bezalako ekitaldi ezberdinez gozatzeko leku oso egokia. Plaza estaliz gero, alde batetik, lehen esan bezala, espazio honetan bero handia izango litzateke, abuztuaren erdian negutegi efektuagatik eta, bestetik, estalkia oso altua izan beharko litzateke publikoak oholtza gainean dagoen ekitaldia ikusi ahal izateko eta inguruko etxeetako bizilagunentzat, batez ere lehen solairuan bizi direnentzat, oztopo handia izango litzateke, daukagun espazio handia baliogabetu eta kondenatuz. Mendiguren plaza zulo bat bihurtuko litzateke.


Astrabuduan ditugun espazio handi bakanak mantendu behar ditugu. Eta eguraldi txarrarekin beharrezkoa bada, lehen bezala behin-behineko karpa jartzea oso ideia ona da, espazioak kondenatu gabe. Udalak karpa bat eros dezake, alokatu beharrean horrela dirua aurreztuko genuke.


Beste askok bezala, espazio berri bat sortzea proposatzen dut: frontoia. Ignacio Aldekoa ikastetxearen ondoan dagoen skate parkean, adibidez, kokapen ona litzateke.. Espazio estali berri bat irabaziko genuke Astrabuduako bizilagunentzat eta eskolak ere erabil lezake. Frontoia, ostera, bada Astrabutarren aspaldiko eskaera bat.


Kontuan hartuko duzuelakoan,

auzo hobeago baten alde.


Aupa Astrabu

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun