Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Jon Maiarekin batera abesten duten Bizitza eskuetan abestiaren pasarteak dira horiek guztiak. Eta hala da, bizitza gure eskuetan izan nahi dugulako, Euskal Herrian hainbat herritar ari gara elkartzen Gure Esku Dago dinamikaren inguruan jarrera positibo eta eraikitzailearekin gure etorkizunari heltzeko asmoz, jakin badakigulako arazoak arazo guk egin beharrekoa ez dugula beste inoren esku utzi behar eta elkarrekin egin behar dugula.
Jarrera horri heldu zioten 60. eta 70. hamarkadan gure gurasoek. Orduan ez zegoen ikastolarik, euskara debekatuta zegoen, langileek apenas zuten eskubiderik...eta ez ziren zain gelditu noiz “goitik” konponbidea etorri, noiz frankistak desagertu, noiz amerikanoak, europarrak edo errusiarrak etorri... Aitzitik, beren eskuekin, beren adorearekin, beren ilusioarekin... guretzat etorkizun hobe baten alde egin zuten lan. Eta lortu ere. Haiek sortutako olatuaren aparrez bizi izan gara gu orain arte. Haien lan eta konpromisoari esker guk beste errealitate hobe bat bizi izan dugu.
Eta hori horrela izanda, zein da gure belaunaldiak egin nahi duena gure seme-alabak, gure lagunen eta bizikideen seme-alabak...hobeto bizi daitezen? Azken finean, gure ondorengoek harro egon daitezen guk izandako jarrerez, haiengan ereindako baloreez eta guk egindako ibilbideaz eta hartutako erabakiez.
Sentimendu eta gogoeta horiek guztiak buruan eta bihotzean dantzaka ditudalako erabaki dut zutabe honi Gure Esku izena jartzea.
Izan ere, HIRUKAK eskainitako aukera polit honen bidez, tarte bat hartu nahi nuke datozen hilabeteetan pentsatzeko eta zuekin partekatzeko zer dagoen gure esku; Zer egin behar dugun den-dena gure esku egoteko. Akaso, guk uste baino gehiago dago eta gure esku.
Horrekin batera badago beste alderdi bat gure etorkizunarekin oso lotuta dagoena eta hori gure jarrerak dira. Nola jokatu behar dugu den-dena gure esku egon dadin?
Horrenbeste amesten dugun herri libre eta zoriontsuago hori gauzatze aldera, badira hainbat jarrera aukeran eta batzuek beste batzuek baino gehiago laguntzen dute etorkizuna gure esku egon dadin. Horien inguruan ere gogoeta egin behar dugu etengabe.
Zer eta Nola, gure etorkizunaren bi gako. Badugu, zer pentsatu. Bien bitartean, inork bere burua prestatzen hasi nahiko balu, horra hor eskura Lazkaoko flasmobaren karaokea:
https://www.youtube.com/watch?v=N6iS-X2Mwi4