Erraza da ideia berriak sortzea; ederra lagunartean eztabaidatzea. Baina hamar urtez tinko eustea ez da nolanahiko kontua. 2013an, Gure Esku Dago martxan jarri genuenetik badakigu hori zer den, eta elkartasun horretatik aitortza berezia egin nahi diogu HIRUKAri: 2015etik lan txukun eta eredugarria burutu duzue.
Nik ere 2015ean ekin nion HIRUKArekin lankidetzan aritzeari. Gure Esku dinamikaren eta burujabetzaren inguruko gogoetak partekatu ditut, sinetsita nagoelako herritarron ahalduntzea eta elkarlana oztopo guztiak gainditzeko giltza dela. Burujabetza gehiago eta hobea utzi behar diegu hurrengo belaunaldiei, eta jauzi kualitatiboa egin beharrean gaude herri gisa.
Hamar urte igaro diren honetan, herri honek aitortza eta burujabetza egikaritzeko bideak eta tresnak behar ditu oraindik. Ekainaren 7an, Bilbon, Herri Libre Bat aldarrikatzeko Gure Eskuk deitutako mobilizazioan parte hartuko dugu, ilusioz eta determinazioz, gure herriaren etorkizuna gure esku dagoelako. Zatoz zu ere.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.