Sakonetara bueltatu dira erbesteratutako erabiltzaileak

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 22a, 08:00

Azken hobekuntza lanak egin eta gero, urtarrilaren 5ean zabaldu zituzten berriro Sakonetako igerilekuak. 

Hartara, lau hilabetez Getxo udalerriko Gobela eta Fadura kiroldegietako instalazioak erabiltzen egon ostean, Leioako kirol azpiegituran plisti-plasta ibiltzeko aukera edukiko dute berriro Sakonetako 4.000 bazkidek baino gehiagok. Bertan dabiltzan kirol taldeak ere lekuz aldatu behar izan zituzten, ezustean, beste obra batzuen beharra agertu ostean. Esaterako, waterpoloko talde federatuak Erandioko igerilekuan entrenatzen ibili dira denbora guzti honetan. Horiei guztiei izandako pazientzia eskertu die Mari Carmen Urbieta alkateak. Obra guztiek, aurreikusitakoek zein ezustean agertutakoek, 375.000 euro inguruko gastua ekarri dio Leioako Udalari.

Abuztuan egin ohi den kiroldegiaren itxiera aprobetxatuz, aurten, igerilekuak egokitzea erabaki zuen Udalak. Hobekuntza obra horiek honakoak ziren: igerilekuen aireztapena hobetzea eta zonalde honetako sabaia egokitzea. Eta bide batez, filtroak eta konpentsazio basoak hobetzea, Sakonetako igerilekuen “kalitatea nabarmen handitzeko” asmoz. Zoritxarrez, hobekuntza horiek egiten ziren bitartean, ezustean, estrukturan egin beharreko beste obra baten beharra agertu zen. Kaltetuta zeuden sabaiari eusten zioten zutabeek, udal iturriek bere garaian azaldu zutenez. Hori dela eta, lehenengo lanei ekin baino lehen horiek konpondu behar izan zituzten, Sakonetako igerilekuen ohiko itxialdi garaia beste hiru hilabetez luzatuz.

Obra horiez gain, igerilekuetako ura desinfektatzeko izpi ultramore sistema jarri dute, horrenbeste kloro erabili behar ez izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun