Bada, Jackson Berkey Ipar Amerikako konpositore eta pianistak bere konposizioaren bertsio landuagoa idatzi du, haur eta gazteen abesbatza handi baterako egokituta, orkestra osoagaz, pianoagaz eta bi marinbakaz. Berkey bera Euskaldunan izango da. Sarrerak salgai daude jada 12 eurotan Euskalduna Jauregiko leihatilan (astelehenentik barikura 17:00etatik 20:00etara) edota Kutxabank-en kutxazainetan.
Kontzertuaren lehenengo zatian, Leioa Kantika Koralak iazko udan Munduko Abesbatzen Seulgo X. sinposioan eta ondoren Shanghai, Qingdao, Zhengzhou, Wuhan eta Pekin hirietako antzoki nazionaletan interpretatu dituen obretako batzuk aurkeztuko ditu. Leioako Orkestra gazteak, bestetik, tinbre koloretsuko eta moldaketa ikusgarriko bilduma eskainiko du.
"Cantate 2000" soinudun kolorezko mosaiko bikaina da, orkestra-aberastasunak, marinben misterioak, pianoaren kemen adirazgarriak eta abesbatzaren indarrak osatuta, latinezko eta ingeleseko testuen gehigarri ezohikoarekin. Hirugarren milurtearen etorrerari begiratzen dio, orain dela 2.000 urte izandako Mesiasen jaiotza pozgarriaren atzera begirakoan. Imajinazioarentzako estimulua eskaintzen du, espirituarentzako aire freskoa, eta bihotzetik sortzen den kanta pozgarriaren inspirazioa da.