Luzapen hori, 2013ko azaroan foru erakundeak eman zuen bederatzi hilabeteko beste luzapen bati gehitu behar zaio. Obraren "konplexutasunari" eta Avanzadako proiektua une honetan burutzapen fasean dagoen errepideen II. Lurralde Sektore Planagaz "koordinatu" beharrari egotzi die atzerapen hori Garamendik. Ez dirudi luzapenak aurrekontu igoerarik eragingo duenik, hala adierazi du behintzat foru diputatuak. Aldundiaren Herri-Lan eta Garraio Sailak 2011n esleitu zizkion Senerri idazketa lanak, 1.552.606 euroren truke.
Jesus Isasi PPren bozeramaileak eskatuta, Batzar Nagusietako urtarrilaren 16ko bilkuran eman zituen azalpenak Itziar Garamendik. Azalpenok ez zituzten oposizioko beste alderdien ordezkariak asebeteta utzi; besteak beste, kritikatu egin zuten "urte asko eta asko" igaro direla eta oraindik ez zaiola konponbiderik eman Bizkaiko errepideetako puntu "beltz" den horri. Are gehiago, Leioako bizilagunen aldarrikapen nagusietako bat izan dela gogora ekarri zuten, eta horren albotik, herritarrek jasotako 3.000 sinadura baino gehiago izan zirela tartean.
Isasik atzerapena kritikatu zuen. Gainera, proiektua geldi dagoela ere salatu zuen. "Dakigunez, enpresak proiektu honetan lan egiteari utzi egin dio", esan zuen; ostera, Garamendik ezeztatu egin zuen hori. Popularren ordezkariaren iritziz, Aldundiak "ez du proiektua aurrera eraman gura", eta, hori helburu, errepideen Lurralde Sektore Planaren aitzakia erabiltzen duela.
EH Bilduren aldetik, Fernando Larrinaga bozeramaileak "horrelako gai garrantzitsuenetan itxaropen faltsuak" sortzea penagarria dela esan zuen.
Bestalde, Batzar Nagusietako talde jeltzaleak, Aldundiak proiektuaren idazketan aurrera egiteko daukan "borondatea" azpimarratu zuen, eta luzapen biak arrazoitzeko orduan, "oso lan konplexua dela" eta "ezin dela beste errepide proiektuakaz alderatu" adierazi zuen, "trafiko handia daukalako eta hiri egituraren barruan sartuta dagoelako".