Besteak beste, dantza, antzerkia, zirkua eta multimedia-ikuskizunak izan dituzte gozagarri neska-mutilek eta haien gurasoek. Ikusleek egindako balorazioa "oso positiboa" izan da: batezbesteko 8,6ko puntuazioa eman diote Kultur Leioako familia osorako ikuskizunei.
"Kultur Leioan jarritako konfiantzak eta ikusleek gure ikuskizunei emandako puntuazio onak familiei begirako ikuskizunak programatu eta zaintzearen aldeko apustua berrestera eramaten gaitu", azaldu dute tokiko arduradunek. Hala, 2015eko emaitzak ere horiek bezain onak izatea nahiko lukete eta horretara bideratu dute aurtengo kultur eskaintza.
Halaxe, aurten, besteak beste, "Kixote" antzezlana eskainiko du Markeliñe euskal taldeak, otsailaren 15ean; 5 urtetik gorako haurrentzako ikuskizuna da hori. Horrez gainera, martxoaren 15ean, "Erpurutxo" antzezlana taularatuko du Teatro Paradisok; "Pulgarcito" ipuin klasikoaren euskarazko bertsioa, Iñaki Rikartek zuzenduta. Eta martxoaren 29an, "Auzokoak" izenburuko euskarazko dantza-ikuskizuna taularatuko du Traversée Konpainiak. Ikuskizun horiek guztiak Kultur Leioako auditorioan izango dira, denak arrastiko 18:00etan.