Urkijok erabilitako argudio bera erabili du AVTk Auzitegi Nazionalean aurkeztutako salaketan, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Terrorismoaren Biktimen Elkartearen arabera, horrelako ekintzek Kode Penala "urratzen" dute, "terrorismoari gorazarre egiteaz gain, biktimak makurrarazi egiten dituztelako" ekitaldi horien bitartez.
Espainiako Gobernuaren ordezkariari dagokionez, Lozanori harrera egin eta ondorengo egunean eskatu zion ekitaldia ikertzeko Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiari, "terrorismoaren gorazarre" delitua egon zitekeelakoan. Poliziak emandako informazioan oinarrituta aurkeztu zuen salaketa Urquijok. Bere berbetan, EHUko jagoleek "ez zuten ezertxo ere egin" ekitaldia galarazteko. Unibertsitateko arduradunek, ostera, horren berririk ez zeukatela esan zuten akusazioen aurrean.
Algortako bizilagun izandako Jone Lozano aresoarra urtarrilaren 8an eraman zuten Frantziatik Espainiara, Auzitegi Nazionalak eskatuta; eta ordutik dago kalean. 2011ko martxoaren 21ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak. 2010eko otsailean alde egin zuen ETAko kide izatea leporatuz atxilotzeko agindua emana zela eta. Espainiara eraman arte Lyon-Corbas espetxean eduki zuten. Parisko Zigor Epaitegiak 2013ko azaroan epaitu egin zuen Lozano, bost urteko espetxe zigorra ezarriz.