Izeta apezpikuak bedeinkatu du San Bartolome elizako kolunbarioa

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 18a, 18:00

Mario Izeta Bilboko apezpikua Leioako San Bartolome parrokian. © Bizkeliza.org -Bilboko Elizbarrutia

Mario Izeta Bilboko apezpikuak Leioako San Bartolome eliza bisitatu zuen atzo arrastian. Eukaristia ospatu ondoren, eleizbarrutiko gotzainak hildakoen errautsak ezartzeko atondu den kolunbarioa bedeinkatu egin zuen, atzotik erabili ahal izango dela. Aipatu gunea 2013ko maiatzean inauguratu zuten eta elizako kriptan kokatuta dago. Eleizbarrutiko lehenengo kolunbarioaren erabilera urtearen hasieratik araututa dago.

Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean kolunbarioei buruzko Elizbarrutiko Arautegia, “benetako gabezia bati, hau da erraustutako hildakoen errautsak ezartzeko lekurik ez egoteari, konponbide praktikoa” eman gurean. Azken hamarkadetan, apurka-apurka gora egin du hilotzen errausketak eta, gaur egun, gehiago dira errausten diren hilotzak hobiratzen direnak baino eta aurrerantzean orokor bihurtuko dela ematen du.

Hori dela-eta, Bizkaiko Eliza Katolikoaren “Pastoral Arloan guztiz beharrezkotzat” jo zuten parrokietan beren-beregi lekuak atontzea euren senideak errausten dituzten familiek haien errautsak ezartzeko, beti ere Eliza Katolikoak hildako fededunen gorpuzkinen tratamenturako ezarritako arauen arabera. Behar horri erantzuteko inauguratu da kolunbario hori, ehun nitxo inguru dituena.

Ignacio Fernandez parrokoaren aburuz, kolunbarioa “lekua zabala da, beste hainbeste jasotzeko modukoa, baina heltzen zaizkigun eskaeraren arabera jokatuko dugu”, dio. Batzuek erakutsi izan dute euren jakin-mina eta elizara joan dira zerbitzuaren ingurukoen berri izateko. “Leioa inguruko jendeak leku honetan ezarri ahal izango dituzte euren hildakoen errautsak”.

Neurriaren araberako prezioa

Ignaciok zehazten duenez, hasiera batean herriko eskariei erantzungo diote eta, beharrezkotzat joten bada, lurralde osora zabaltzeko aukera aztertuko dute. Kolunbarioak neurri desberdinetakoak dira: txikiak, “kutxa birentzako lekuagaz” eta handiak, “lau kutxa be hartzen dutenak”. Prezioa, neurriaren eta konpartitu gura duten pertsonen kopuruaren araberakoa da. Luzaroan, hilotzen errausketa ez zen ohikoa kristauen artean eta, sarritan, hori egiten zutenek heriotza gizakiaren erabateko eta behin betiko azkena zeneko uste sendoa adierazteko egiten zuten. Gaur egun, ikuspuntu hau aldatu egin da eta Elizak hilotzen errausketa kristau fedeagaz bateragarria dan jardueratzat onartzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun