Hondakinen bilketaren inguruko zalantzak argitzeko bulegoa Leioan

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 20a, 16:18

Kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko ibilgailu berriak aurkeztu dituzte gaur. © Leioako Udala.

Leioako Udalak aurkeztu egin ditu gaur kaleen garbiketarako eta hiri-hondakin solidoak batzeko zerbitzu berriak edukiko dituen elementuak eta hornidurak. Emisio atmosferiko eta akustikoak murrizteko aurrerakuntza teknologiko handiak dituzten ibilgailuak erabiltzeaz gainera, bulego bat prestatu dute Independentzia kaleko 10. zenbakian, herritarren zalantza eta kezkei erantzun ahal izateko. Bulego horrek, aurrez-aurreko tratua eskatzen duten zerbitzuei erantzuna emateaz gain (tresna handiak, bilketa organikoa, merkataritza eta ostalaritzarako edozein atez ateko zerbitzua…), auzotarren kexa edo iradokizunak bideratzeko balioko du, baita hondakinei buruzko aholkularitza emateko ere; berbarako, toxiko edo arriskutsuak izan daitezkeen hondakinak, edo elementu arrotzak garbitzeko jarraibideak emateko ere bai.

Etorkizunerako ere, txikientzako ingurumen-hezkuntzako ikasgela abian jarri nahi dute kokaleku horretan, udalerriko eskolakaz aktibitate desberdinak koordinatuz, udal arduradunek nabarmendu dutenez.

Jardunbideak

"Garbiketa eta bilketa zerbitzu berriaren oinarriak Tokiko Agenda 21-ek Leioarako markatzen dituen premisetan daude", Mari Carmen Urbieta alkateak nabarmendu duenez. Jarraibide horiek betez, ingurumenean inpakturik txikiena izango du eta birziklatzea ahal beste sustatu gura dute hiru jardunbideren bitartez: lehena, emisio atmosferiko eta akustikoak murriztea, ahal den guztia, arlo horretan aurrerakuntza teknologiko handiak dauzkaten ibilgailuak erabiliz. Halaber, ibilgailu txikienak (brigadak eta laguntzarakoak) hibridoak edo elektrikoak dira; eta kaleak garbitzeko makinek, haize-makinek eta bestelako tresnek intsonorizazio sistemak edukiko dituzte.

Bigarren jardunbidea baliabide naturalen kontsumoa murriztean datza. Alde batetik, ibilgailu hibrido eta elektrikoak erabiliz, nabarmen jaisten omen da erregai eta lubrifikatzaileen erabilera, eta bestetik, ur edangarriaren kontsumoa jaitsi gura dute igerilekuetako ura (edan ezin dena) aprobetxatzeko sistemak eta ibilgailuak gordetzen diren tokian egongo den euriak hartzeko sistema erabiliz. Ur hori, horrela, ureztatzeko, garbitzeko, hezetzeko eta abar erabili ahal izango dute.

Eta hirugarren jardunbidea birziklatze tasak handitzeari dagokio, albait hondakin gutxien bidaliz zabortegietara edo erraustegietara. Hori onuragarria izango da udalerriaren jasangarritasun ekonomikorako. Horretarako, bilketa-plana diseinatu dute, "jatorrian hondakinak banatzea lehenesten duena, eta ondorioz, gehiago birziklatzen duena berrerabil, berreskura edota birzikla daitezkeen zatikien bilketa zerbitzuak indartuz eta zerbitzu berriak sortuz, hala nola, hondakin organikoak biltzeko zerbitzua". Gainera, orain arteko bilketa selektiboko zerbitzuak ere indartuko dituzte, papera eta etxeko tresna handiak biltzekoak, alegia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun