Daborduko Pop Rock sarietara aurkezteko aukera dago

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 25a, 17:06

Aterpe Leioa Gazteguneak zabaldu egin ditu jada XV. Pop Rock Lehiaketaren oinarriak. Parte hartu gura duten musika-taldeek martxoaren 31ra arteko epea izango dute, gutunazal batean eta posta ziurtatu bidez, gutxienez bost abesti dituen CDa emateko. Parte-hartzaileek bi modalitateetako batean eman beharko dute izena: pop rock edo metal.

Sariketaren lehenengo fasean, hau da, maiatzaren 4rako, epaimahaiak kategoria bakoitzeko bandarik onenak aukeratuko ditu, jasotako disko denen artean, eta musika-talderik onenek San Juan jaietan joko dute. Lehiaketaren oinarrietan agertzen den bezala, antolatzaileek erabakiko dute kontzertu horien datak eta ordutegiak. Hala, Metal zein pop rock sailetako irabazleek 1.200 euroko saria jasoko dute. Horrez gainera, euskarazko abestirik onena ere sarituko dute.

Aurreko edizioetan bezala, gura duten talde denek sariketan parte hartzeko aukera edukiko dute, disko bat baino gehiago kaleratu eta aurreko edizioetan sari nagusiren bat irabazi dutenak izan ezik. Betiere, gutxienez, taldekide bi 14 eta 35 urte bitartekoak badira. Adin txikikoek gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko dute, antolatzaileek adierazi dutenez. CDarekin batera, parte-hartzaileek izen-emate orria bete eta bidaliko dute, eskatutako datu guztiekin, gutunazalean ondokoa jarriz: Leioako XV Pop Rock Lehiaketa. Aterpe Leioa Gaztegunea. Aldapabarrena, 2. 48940 Leioa. Bizkaia. Diskoan bertan taldeen izena agertzeaz gain kanten izenburuak ere idatzi beharko dira. Horrekin, Sanjuanetako finalera igarotzen diren taldeak aukeratuko dituzte.

Sariak

Metal saileko irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, Pop Rock kategoriako bandarik onenaren antzera. Lehiaketako talderik onenak, ostera, beste 400 euro jasoko ditu. Bitartean, Udalak 600 euro emango dizkie musikari leioztar onenei eta Euskara Zerbitzuak beste 600 euro gure hizkuntzan kantarik hoberena aurkezten dutenei. Azken bi horiei ere jaietan jotzeko aukera emango diete. Bi sari horiek maiatzaren 4an ezagutaraziko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun