Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa batzordeak “ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen 2014ko azaroan. Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia —biak ala biak EAJkoak— lotzen ditu ustezko irregulartasunekin. “Kutunkeria” susmoak tarteko, birritan esleitu behar izan zituzten kiroldegia altxatzeko lanak. Baina, irregulartasunei ezik, oposizioko alderdiei leporatzen die EAJk “herriari onura handiak” ekarriko zizkion egitasmoa gelditu izana. Kanpoko igerilekuak zein padel eta tenis pistak 2010ean zabaldu ziren. Baina, 2011ko udal hauteskundeen ostean, Bilduk, PSE-EEk eta PPk kiroldegi estaliko egitasmoa bertan behera utzi zuten. “Proiektuaren idazketa-lanek eragindako 1,6 milioi euroko diru-zorra” ordaindu behar izanaren errua ere aipatutako alderdi horiei egotzi die EAJk.
Aldizkaria
EH Bilduren ustez, ostera, aldizkari horregaz jeltzaleek "gertatutakoa manipulatzen dute, informazio adierazgarriak ezkutatzen dituzte eta gezurra erabiltzera ere ausartu egiten dira". Koalizio abertzaleak laburbildu duenez, "ondoko esaldi honek ondo laburbiltzen du aldizkari honen mamia: 'zertaz harrotu, hartaz gutxi izan'".
Aipatutako argitalpenean EAJk atal berezia eskaintzen dio EH Bilduri: "Penagarria da ikustea nola Leioako EAJk 'ETAren karta' ateratzen duen EH Bilduren auka joateko. Euren urduritasuna ezin nabarmenago geratzen da gure susmo den-denak frogatuta geratu direla ikustean (horren adibide, polizia bera kasua ikertzen hasi izana) eta, batez ere, leioaztarrak euren gezurrak sinesteari aspaldian utzi dietela ikustean".
Leioako EAJk plazaratutako aldizkaritxoa (pdf)