Modu horretan, programa horietako batean (edo bietan) izena eman duten leioztarrak etxebizitzen jabeekin harremanetan jarri gura dituzte. Hutsik dauden pisuak merkatura ateratzeko, bere kabuz ekimenaren bat aurrera ateratzea ez du baztertzen Leioako Udalak, “beti ere jabeen nahiak errespetatzen badira”. Etxebizitza hutsen egoeraren gainean herri-erakundeak eskatutako azterketa horrek finkatuko ditu aurrerantzean egin beharrekoak.
Leioako Udalak diru-partida bat bideratu zuen 2014ko aurrekontuetatik, herriko etxebizitza hutsen egoera zein den eta etxe horien alokairu-merkatuan sartzeko dauden aukerak aztertzeko. Udalak aitortu duenez, ikerketaren helburu zehatza ez zen udalerrian zenbat etxe huts dauden jakitea, baizik eta horien guztien jabeek alokairuan jartzeko asmorik daukaten jakitea. Emaitzak eskuan, galdetutako herritar gehienei inoiz ere ez zaie bururatu euren etxe hutsa programa publiko baten bitartez alokairuan jartzea. Pisu horien erdiak baino apurtxo bat gutxiagok alokatzeko egoeran egongo lirateke.
Gaur egun 582 lagun daude Leioan erroldatuta, babeseko alokairuko etxebizitza eskatzen dabiltzanak. Horietatik laurdena 30 urtetik beherakoak dira. Bertokoek Leioan bizitzen jarraitzea gura dute udal arduradunek, etxebizitza duina “arrazoizko” alokairuan eskainiz, aipatu dutenez.