Antolatzaileek adierazi dutenez, besteak beste, Medikuntza, Zientziak, Arte Ederrak, Gizarte Zientziak eta Komunikazioa eta Zuzenbideko asanbladetako ikasleak dabiltza antolaketa-lanetan; baita asanblada feminista, Ikasle Abertzaleak eta Leioatik! komunikazio proiektuko kideak ere. Hala, lehenengo egunean 09:00etan jarri dute manifestaziorako ordua Mikel Laboa plazan, ostean hainbat ikastegitan egingo diren eskola eta tailerretara abiatzeko. Bi egunez egongo da hainbat gai jorratzeko aukera. Bestetik, ikasleez gainera, beste hainbat subjektu inplikatu gura izan dituzte antolatzaileek: “bestelako eragile sozialek defendatzen duten hezkuntza-ereduan ezinbestekotzat jotzen dutelako herriko jakintzak klasera eramatea”. Hilaren 18an hainbat arlotako herritarrek ere parte hartuko dute “amaiera handian”.