Ustez legez kanpoko komisioak kobratzen zituzten Alfredo de Miguel Arabako EAJko “bigarren” eta foru diputatu ohiak eta Arabako hainbat jelkidek. Epaileak, guztira, 11 delitu egotzi dizkie inputatuei: prebarikazioa, delituak jazartzeko beharrari muzin egitea, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio publikoei iruzur egitea, funtzionario publikoek debekatuta dituzten negoziazio edo jarduerak egitea, agiri publikoak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituak eta konkurtso publikoetan prezioak eraldatzea.
Autoaren dioenaren arabera, sare horren helburua zen “Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) zuzendutako administrazioetan edo erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak edo esleipen publikoak lortzea”.
Mendibile jauregia
Piñosolo auzia zehazki aipatu barik, “berriro ere, Leioako EAJko kide bat ustelkeria kasu batean murgildurik” dagoela salatu du EH Bilduk. Hori gutxi balitz bezala, hiru urtez herriko gaztetxea izan zen Mendibile jauregia “negozio ilunak aurrera eramateko eremua” izan zela kritikatu du koalizio abertzaleak. Hala, Mendibile elkarteen etxea eta Emakumeon Jabekuntza Eskola hartzeko proposamena berretsi egin du EH Bilduk, “elkarteek dituzten lokal eta baliabide faltari aurre egiteko”. “Denborak Leioako gazteriari arrazoia eman dio. Izan ere, Mendibilek ez dauka kulturarik eta gutxi batzuen negozioa ezagutzera emateko baino ez da erabili”, adierazi dute abertzaleek. “Mendibile herriarentzat!” gura dute.