Leioako Arrantza Astea abiatuko dute gaur

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 25a, 16:51

Leioako Kastoreak arrantza-esko­lak Arrantzaren Astearen 21. edizioa antola­tzeari ekingo dio gaur. Arrastiko 19:30ean, Tamara Morante, Nuria Olarte, Loreto Garcia eta Alvaro Anton faunan adituek osatzen duten EHUko ikerketa taldeak "Especies migratorias en rios cantabricos" berbaldia emango du Sakoneta kiroldegiko ikus-entzunezkoen aretoan. Arrantzagaz lotura duten hainbat ekintzaz gozatu ahal izango da domekara arte.

Bihar, eguenean, Jesus Estrella Getxoko Litoral taldeko kide eta tuntux bidezko itsas arrantzan 2012ko Espainiako txapeldunak berbaldia emango du, "Pesca en mar: cebos, formas de extraerlos"  bideoz lagunduta. Hitzaldi hori ere Sakoneta kiroldegiko ikus-entzunezko aretoan emango dute, 19:30ean.

Barikuan, toki eta ordu berean, Jon Iñaki Arrieta eta Roberto Extremiana arrantzaleek "Pesca en rio: pesca a duos, grandes truchas" izeneko filmaren inguruan solasean jardungo dute, Argentinan eta Txilen izandako esperientziak azaltzeko.

Zapatuan, goizeko 11:00etan, arrantzarako euli eta aparejuak prestatzeko tailer praktikoa eskainiko dute Leioako Elexalde errotan. Arrantza Asteari behar bezalako amaiera emateko, domekan irteera antolatu dute txikienentzako Kanpetzuko (Araba) lakura. Autobusa Sakonetatik irtengo da goizeko 8:30ean. Aurretik Zazpi tabernan edo elkartean bertan izena eman beharra dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun