Mari Carmen Urbieta alkateak azaldutakoaren arabera, egin daitezkeen tramiteak ezagutzera emateko, 120 fitxa agertuko dira aipatutako liburuan: izapide horiek non egin daitezkeen, bulegoen kanpoko itxura eta datu nagusiak (ordutegiak, telefono zenbakiak, helbideak, eta abar).
Agintari leioaztarraren arabera, aldi berean udal langileentzako eta herritarrentzako gida izango da. Azken horiek “modu erraz eta erakargarrian identifikatu ahal izango dute” izapide bakoitza non egin daitekeen.
Gainera, eskuliburua agiri bizia denez, etengabe hobetu eta eguneratuko dena (berbarako, lege edo irizpide aldaketengatik), Udalak ez du baztertzen fitxa horietan informazio gehiago eskaintzea; “besteak beste, Kultur Leioaren kasuan, egitaraua jar liteke”, azaldu du Urbietak.
Mostradoreak kendu
Herritarren arretarako sailetan dauden mostradoreak kentzea ere aurreikusten du Udalak. Alkateak argitu duenez, “daborduko ekimen hori martxan jarri zen 2014ko azken hiruhilekoan Diruzaintza sailean, udaletxeko solairu nagusia eraldatzeko ideia-lehiaketa baterako deialdi baten bitartez”. Filosofia berbera jarraituko ei dute Gaztelubideko udal bulego deszentralizatu berrian.