Udal hauteskundeak 2015

Hautagaien zerrenda prest dauka Leioako PSE-EEk

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 14a, 17:15

Juan Carlos Martinez izendatu zuten Leioako sozialisten alkategai 2014ko abenduan. © BIZKAIKO PSE-EE

Leioako PSE-EEko batzordeak aho batez onartu du Juan Carlos Martinez buru izango duen hautagai-zerrenda. Maiatzaren 24ko udal hauteskundeei begira, "ilusioa eta eskarmentua" uztartzen dituen lista osatu dute sozialista leioaztarrek. Modu horretan, "kale egindako Pinosoloko kiroldegiaren eskandaluagatik oso ahulduta dagoen EAJren alternatiba" izan gura duen proiektua gauzatu dute, Leioako PSE-EEk dioenez.

Alde batetik, "auzokideen zerbitzura dedikazio handia" erakutsi duten hainbat lagun (Alfonso Lopez Arevalillo, Susana Gonzalez Romulo edo Jaime San Sebastian Lopez) aurki ditzakegu Leioako PSE-EEren zerrendan, "udalerriaren mesedetan lan egiteko eta ideiak emateko ilusio handia" daukaten gazteekin (Enara Diez Oyarzun edo Andoni Martin Perez) batera. Halaber, "gizarte eta berdintasun baloreen aldeko konpromisoa" erakutsi duten Maite Alvaro Gomez del Pulgar eta Sandra Catalina Arboleda Agudelo aipatu dituzte sozialista leioaztarren iturriek. Jatorriz hegoamerikarra da Arboleda eta etorkinen kolektiboa ondo ezagutzen du. "Auzoen aldarrikapenak" kontuan hartuz, Enrique Vicente Gomez, Txomin Vellido Martinez, Jose Antonio Garcia Fernandez, Carmen Melendez Alonso eta Carmen Bretos Alonso sartu dituzte zerrendan. Azkenik, Pedro Arceredillo Buruaga eta Juan Boix Pastor hautagaien "konpromiso sindikala" goraipatu dute.

"Horiek denek eta beste batzuk osatzen dute udal politika ulertzeko modu berri bat mahaigaineratu gura duen hautagai-zerrenda berritzailea, ilusioa piztuko duena. Leioako azken Udal Gobernuak erakutsi duen ideia falta izugarriaren ordezko izan gura dugu. Izan ere, EAJ buru, noraezean eta gaitasun barik ibili dira agintari leioaztarrak, Pinosolo auziak zipriztinduta", adierazi du Leioako PSE-EEk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun