Esnatu Leioa hautesleen elkartean egindako primarioetan parte hartu zuten 139 lagunetatik 70ek eman zioten babesa Belandiari. Aurkeztutako beste zortzi hautagaietatik zazpik osatuko dute zerrenda: Jose Ignacio Vicente, Bego Juaristi, Desiree Ortiz de Urbina, Angela Verdejo, Loli Lozano, Mari Jose Mendez eta Xose Anton Cambeiro. Izan ere, Juan Antonio Ortiz de Urbinak uko egin zion listan joateari, udaltzaina izanda lan-utzialdia eskatu beharko zuelako zinegotzi aterata. Hala ere, Esnatu Leioagaz elkarlanean jarraituko du, hautesle zerrendako iturriek adierazi dutenez. Hautagai-zerrenda betetzeko gainontzeko izenak martitzeneko batzarrean aukeratu zituzten. Denera, 24 izan behar dira hiru ordezkoak barne, Leioako Udalbatzak 21 zinegotzi dituelako.
Alkategaiaren profila
Ruben Belandia Fradejas Basaurin jaio zen 1961an eta 1988tik bizi da Leioan. Geografia eta Historian lizentziatua eta Lan arriskuen prebentziorako goi mailako tituluduna da. Gaur egun, bibliotekaria da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campusean. 1983tik ezkonduta dago eta 24 urteko semea eta 20 urteko alaba dauzka.