EH Bilduren iritziz, "gaur egun Leioan ez dago kirol politika seriorik ezta Leioako herriak behar duen tamainakoa ere". Goizean egindako prentsaurrekoan emandako datuen arabera, Leioa 30.000 biztanle baino gehiago dauzkan herria da, kirol talde ugari duena. Hala ere, EAJk aurrera daraman kirol politika "5.000 biztanle dituen herri baten tamainakoa" da, koalizio abertzaleak kritikatu duenez. "Kirol taldeei diru-laguntza batzuk banatu eta kirol instalazioak eraginkorra ez den eredu bat erabiliz kudeatzen ditu", gaineratu dute.
Kirol politika integrala
Irailean abiatu zuten prozesu parte hartzailean oinarrituta, kirol taldeetako hainbat kide eta kirol instalazioen erabiltzaileakaz kirol arloko proposamenak lantzen ibili da Leioako EH Bildu: "Lortu dugun emaitza Leioarentzat kirol politika integrala jasotzen duen proposamena da, zazpi proiektu eta proposamen zehatzetan gauzatuko dena". Gauzak horrela, aurretik aipatutakoez gainera, Kirol Mahaiarekin batera Kirol Dinamizatzailea martxan jarri gura dute. Bestalde, Kirol Ekipamenduen gaineko Osoko Plana ere proposatzen dute. "Kirol elkarteek dituzten beharrei erantzuna eman behar zaie. Zelan? Erabiltzen ez diren kirol ekipamenduak erabiliz, Ondizko probalekua kasu, eta bestelako leku publikoak bilatuz", azaldu dute Leioako EH Bildukoek. Proiektuakaz jarraituz, boulderra Ondizko probalekura eraman gura dute, eta han, erabilera anitzeko gunea bihurtua, Eskaladarako Herri Gunea izango da. Auzoetan ere kirol guneak proposatzen dituzte, tokian tokiko erabilera anitzeko guneak baliatuta. Amaitzeko, Udala parte aktibo bihurtu gura dute euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko apustua egiteko.