Saioaren bidez, "lehiakide izateko modu sanoari heldu gura" diote Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Athletic zein Reala fundazioek. Taldeek zabaldu legez, "Athletic eta Reala fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da Bertso-derbia, taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita. Horrez gain, Athletic eta Reala fundazioek Euskararen Normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da Bertso-derbia. Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko" balio baitu.
Pasa den martitzenean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, "lehiakorrak, zirikatzaileak izango gara jokoan eta oholtzan, guztiaren gainetik ordea herri bereko partaideak gara. Kiroltasunez darabilte jokalariek baloia zelaian; eta kiroltasunez hitza bertsolariek oholtzan. Jokaldia bezala sortzen dira esaldiak eta bertsoak. Bertsoa ere futbola bezala jarduera kooperatiboa baita, bertsolariek elkarlanean egiten dutena".
Bitartean, futbol-derbirako sarrerak irabazteko bertso-lehiaketa ere abiatu dute. Edozeinek har dezake parte proposatutako "Horrelako derbyrik / munduan ba al da? / zelaian lehian baina / zaleek parranda" bertsoari amaiera jarriz. Parte-hartzaile denen artean, Athletic-Reala partidarako sarrera bikoitza sorta biren eta Athletic Clubeko bost baloi ofizialen zozketa egingo dute.