Udal hauteskundeak 2015

Auzoak "duin" bihurtu gura ditu Leioako EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 15a, 16:50

Auzoz auzo bizikleta ibilaldia.

Leioako EH Bilduk udalerriko auzoetarako bere hirigintza proposamenak aurkezten jarraitzen du, "udal paralisiari aurre egiten eta EAJk bultzatutako bigarren mailako auzoak duin bihurtzeko". Oraingoan, udal aparkaleku eta errehabilitazio plan berriak eskatu ditu Pinuetarako. Txorierrin, igogailu eta kiroletarako eta aisialdirako guneak gura ditu koalizio abertzaleak. Ondiz auzoa aisialdirako ingurune natural eta historiko gisa mantentzea sustatuko du. Eta azkenik, San Bartolomerako auzo-autobus berria eta Artatzaganerako hobekuntzak eskatu dituzte EH Bildukoek.

Proposamenok azken hilabeteotan bultzaturiko "prozesu parte hartzailearen bidez" zehaztu ditu koalizio ezkertiarrak; "zeinean inkestak, bilera zabalak auzo ezberdinetan eta zenbait jardunaldi eta mintegi egin dituen". Herria zeharkatu zuen eta bere proiektuak azaltzeko hainbat geldialdi burutu zituen bizikleta martxa ere egin du azken aldian Leioako EH Bilduk.

Joserra Elkoroaristizabal hautagaiak Pinuetan errehabilitazio plan bat bultzatzea eskatu du. Bere oinarrizko helburuen artean egongo litzateke udal aparkaleku berri bat eraikitzea, "gaur egun kotxeek hartzen duten espazioak auzotarrentzat berreskuratuz eta oinezkoentzat zonalde berriak sortuz". Bestalde, espazio publikoak (Cervantes plaza, kultur gela…) hobetzea eta mantentzea, Iberdrolaren subestazioari alternatiba bilatzea eta tokiko merkataritza txikia bultzatzeko plana proposatzen dute ezkertiarrek. Gainera, udal aparkaleku berria eraikitzen den bitartean, inguru horretan dauden aparkatzeko tokietan "Pinuetako egoiliarrei lehentasuna ematea" planteatzen du koalizioak.

Irisgarritasuna berbagai

Asier Izquierdo hautagaiak azpimarratu du bere taldeak "horrenbeste alditan eta oraindik gauzatu gabeko Txorierri auzoko igogailua ahalik eta azkarren eraikitzearen aldeko jarrera" duela. Gainera, EAJ eta PSE-EE egin ditu egoera horren erantzule, "biek ala biek Eusko Jaurlaritzan eta Leioako Udalean izan dituzten ardurengatik". Era berean, kultur gelan eta auzoko gune publikoetan hobekuntzak egiteko inbertsioak defendatu ditu. Azken hauen kasuan "hiri-ingurune eta Txorierriko egoiliarren bizi-kalitatea hobetuko luketen aisialdirako eta kirol jardueretarako guneak sortzearen alde" azaldu da. Izquierdok Ondiz auzoa "aisialdirako ingurune natural eta historiko gisa mantentzea" sustatuko dutela adierazi du, horrela "inguru pribilegiatu honetan etxebizitzak eraikitzea saihestuz". Horrekin batera, Ondizen egun dagoen probalekuan eskalada murru berria egitea eta bertan Udal Eskalada Eskola kokatzea proposatu du, "probalekuak gaur egun duen erabilerarekin batera bateragarria" izango litzatekeena.

Maria Jose Peleteirok, bere aldetik, aipatu ditu Udalak Artatzagane auzoa hobetzeko inbertsioak egiteko eta bere "munizipalizazioa" aztertzeko zein Artatza kalea eta San Bartolome auzoa lotzeko igogailua eraikitzeko dagoen "beharra". Gogoratu duenez, azken auzora, gaur egun, soilik kotxe pribatuaren eta aldapa handiko eskaileren bitartez heldu daiteke. Nabarmendu duenez, "auzo autobus berriaren aldeko apustua egiten dugu. Hau, gaur egun Txorierri eta Bizkaiko Zubiaren artean dagoenaren osagarri izango litzateke, ibilbideak eta maiztasunak hobetuz eta elkarrekiko lotura bermatuz" eta, gaineratu duenez, "auzo-autobus bientzat baliagarria izango litzatekeen udal txartel bakarraren ezartzearen aldekoak gara".  Hautagai honek urteroko Inbertsio Plana auzo ezberdinetan (Ikeamendi, Donibane, Ibaiondo…) martxan jartzeko "beharra" ere adierazi du.

Azkenik, Leioan "eraztun berdea" eraikitzea, udalerri osorako bidegorri zabal eta funtzionala bultzatzea, bizikletaren erabilera eta auzoen arteko oinezkoentzako lotura sustatzea eta %65eko birziklapen-tasa izatea ahalbidetuko duen zabor-bilketa sistema bultzatzea ere planteatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun