Euskal Herriko 17 talde Umore Azokan

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 15a, 18:38

Euskal Herriko konpainietako ordezkariek parte hartu dute gaurko aurkezpenean. © UMORE AZOKA

Maiatzaren 21etik 24ra Leioako Umore Azokaren 16. edizioan parte hartuko duten Euskal Herriko konpainien aurkezpena egin du gaur Ana Lopez azokako zuzendariak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeagaz batera eskainitako prentsaurrekoan. Jaialdiak euskal konpainiakaz duen "lotura" nabarmendu du Lopezek bertan. Azaldu duenez, urteroko hitzordua da Leioakoa Euskal Herriko kale arteetan dabiltzan sortzaileentzat, eta aurtengo edizioa ez da salbuespena izango. Guztira, 17 euskal konpainiek parte hartuko dute, iaz baino lau gehiagok, eta horietako hamabik euren obrak estreinatuko dituzte.

Cielo Raso, Colectivo Hiriko, Dantzaz, Dikothomia, Ekoma Teatro, Ertza Dantza, Gaitzerdi Teatro, La Pez, Muyuyay, Pez Limbo, Rouge Elea eta Zirkozaurre egingo dute estreinaldia. Horiekaz batera izango dira Kukai, Hortzmuga, Etorkizuna Kontzeptuak eta Markeliñe taldeak lanik berrienak aurkezteko. Leire Mesa dantzariak, bestalde, hurrengo urtean estreinatuko duen "Twisten the balance" proiektua aurkeztuko du. “Horrek erakusten du Umore Azoka bertako profesionalen egutegiaren parte bihurtu dela”, ziurtatu du Lopezek. Eusko Jaurlaritzak kale arteak eta arte eszenikoak bultzatzeko martxan dituen programak aurkeztu ditu Muñozek kazetarien aurrean.

Euskal konpainiek aurkeztuko dituzten "obren aniztasuna" ere azpimarratzekoa da, Lopezen ustez. “Umore Azokak ez duelako soilik umorea eskaintzen, eta era orotako kale arte eszenikoentzako erakusleiho bihurtu delako”. Hori gertatzen da egitarau orokorrarekin, eta hori gertatzen da euskal taldeen kasuan ere bai. Zazpi ikuskizunek dantza izango dute ardatz, seik antzerkia, hiruk zirkua, eta diziplina anitzeko instalazio bat ere egongo da. Gainera, Lopezek azaldu duenez, “proposamen berritzaileak” ekarriko dituzte taldeek. “Dantzaz konpainiako kideek, berbarako, Christophe Pavia ile-apaintzailearen orrazkeragaz dantzatuko dituzte Arriagaren doinu barrokoak eta Niña Coyote y Chico Tornado taldearen rocka”. Prentsaurrekoan hainbat Euskal Herriko taldetako ordezkariak ere izan dira, eta Cielo Raso konpainiak bere lanetariko bat eskaini du.

Ehun profesional baino gehiago eta 35.000 begirada

Estatutik eta beste herrialdeetatik etorritako taldeakaz batera jardungo dute euskal konpainiek Umore Azokan. Guztira, 50 konpainia egongo dira, iaz baino bost gehiago, eta 22 lan estreinatuko dituzte orotara. Baina Leioa ez da erakusleiho hutsa izango. Ehun profesional baino gehiagok ere eman du izena, eta indartu egiten du horrek Umore Azokaren azoka izaera. Hori baita azokaren beste helburuetako bat: “Kale arteen industri garapena sendotzea”. "Eta herritarrentzat festa dena, programatzaile eta banatzaileentzat salmentarako azoka ere bada. Horregatik ere hitzordu garrantzitsua da Leioakoa euskal konpainientzat. Bertan aukera baitute beren ikuskizunentzat kontratu berriak lortu eta beren lana ezagutarazteko", azaldu dute antolatzaileek.

Hala, Umore Azokaren arduradunen arabera, gero eta konpainia gehiagok aukeratzen dute Leioa beren estreinaldiak aurkezteko, eta aurten "bertan parte hartzeko izandako eskaera kopurua da horren froga". Iaz baino ehun eskaera gehiago jaso du Umore Azokak, 400 inguru, denera.

Euskal sorkuntza sustatzen

Umore Azokak euskal konpainiakaz duen "konpromisoa" ez da, ordea, jaialdi egunetara soilik mugatzen. Taldeei entseguak egin ahal izateko espazioak eskaintzen dituen kolaborazio hitzarmenak ere egiten ditu. Aurten, berbarako, babes berezia eskaini zaie Dikothomia, Ekoma, Hortzmuga eta Laitrum Teatre / Toti Toronell taldeei. Lopezek eman du azalpena: “Umore Azokak sorkuntzarekiko duen konpromisoaren isla dira kolaborazio horiek, baina baita egitarau sendo bat osatu ahal izateko bide garrantzitsu bat ere”.

Sariak dira promozioa laguntzeko beste bideetariko bat, eta hiru dira aurten Umore Azokak banatuko dituen garaikurrak. Kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), Euskadiko kale ikuskizunik onenaren saria (trofeoa eta diploma), eta Artista / Ikuskizun Berririk Onenaren Saria (hurrengo ikuskizuna sortzeko Hameka kultur gelan egonaldia). "Errekonozimendua eskaintzeaz gain, kontratazioak lortzeko giltza garrantzitsuak dira sari hauek, epaimahaian beste jaialdietako zuzendariak daudelako, eta programatzaileentzat bermea direlako", diote antolatzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun