Hiriburuan, nagusi
Askartza gizonezko waterpoloko bigarren taldea «historia egiten dabil», Askartzatik harro onartzen dutenez. Maiatzaren 2an eta 3an Iruñean jokatu zen Espainiako Hirugarren Mailako Txapelketan, eta titulua irabazi zuen Askartzaren bigarren taldeak. Batez beste 16,6 urteko adina dute taldeko mutilek. Joan Albella eta Isusko Ariasen mutilek ez zuten inolako arazorik izan ligaxkan nagusitzeko. Estuago ibili ziren finalaurrekoetan, Tres Cantos madrildarrak penaltietan garaitu baitzituzten. Finalean ere, 11-10 eskas batez irabazi zuten, Bigarren Mailatik iaz jaitsi zen Waterpolo 9802 taldearen aurka, hain zuzen ere.
Askartza izan liteke klub bakarra Espainiako Lehenengo zein Bigarren taldean gizonezko talde bana dituena. Leioaztarrek baliabide ekonomikoak topatu beharko dituzte, datorren denboraldiko lehiari aurre egin ahal izateko. Klubak gogoratu duenez, klub katalanek baino ez dute lortu kategoria bakoitzean talde bana izateari eustea. Han daude talderik onenak, eta waterpoloak onarpen eta babes handia ditu. 30.000 biztanleko Leioak, berriz, 3 talde ditu Espainiako Ligan, tartean emakumezkoen talde bat.