Uda garaiko sasoi horretan jarduera desberdinak egingo dituzte, parte-hartzaileen adinaren arabera. Hala ere, udal arduradunek diotenez, ekintza den-denek edukitzen dituzte ezaugarri komunak: jolas, heziketa eta kirol arlokoak izaten dira. Iaz bezala, uztaileko bi hamabostaldietan zatituko dute UDA 2015 kanpaina. Txanda bakoitzean, jarduerak edukiko dituzte parte-hartzaileek, hamaika egunez (astelehenetik barikura). “Horrela, ume gehiagok gozatu ahal izango du ekimen horregaz”, nabarmendu dute tokiko iturriek. Denera, 800 umek eta gaztek parte hartzea espero dute. Sakoneta kiroldegira, 09:00etatik 21:00etara, jo beharko dute aisialdi-programan izena eman gura dutenek. Jarduerak euskaraz edo gaztelaniaz egitea aukeran dute.
Izapideakaz jarraituz, maiatzaren 26an eta 27an argitaratuko da behin-behinean onartutako izenen zerrenda; eta erreklamazio-epea pasa ostean, egingo dute parte-hartzaileen zozketa Sakoneta kiroldegian: ekainaren 3an goizeko 11:00etan. Zortea izan duten lagunek ekainaren 8tik 12ra edukiko dute UDA 2015 programan parte hartuko duten ala ez erabakitzeko; Sakonetan erabakiaren berri eman beharko dute parte hartu gura dutenek.
Prezioei dagokienez, merkeago edukiko dute Leioako Udal Kirol Instalazioak (UKI) erakundeko bazkideek: 41,10 euro baino ez dituzte ordaindu beharko. UKIko bazkide ez direnek, ostera, 66,75 euro pagatu beharko dituzte. Udal programa horren helburu nagusia hau da: kirola, kultura eta aisialdi osasuntsua gazteen artean sustatzea, eta, bide batez, opor egun horietan gurasoei laguntzea.