Bere berbetan, jaialdian parte hartuko dute Euskal Herriko 17 konpainiak, iaz baino lau gehiagok, eta horrek ematen du aipatutako aniztasunaren neurria. Zazpi ikuskizunek dantza izango dute ardatz; beste seik, antzerkia, eta beste hiruk, zirkua. Diziplina anitzeko instalazio bat ere egongo da. Hizkuntzari dagokionez, dozena batera ozta-ozta heltzen dira Umore Azokak euskaraz eskainiko dituen ikuskizunak. Aipatu beharra dago antzerki talde askok berba bako lanak plazaratuko dituztela.
Euskal Herriko taldeakaz jarraituz, Leioan estreinatuko dute ikuskizuna horietariko 12k: Cielo Raso, Colectivo Hiriko, Dantzaz, Dikothomia, Ekoma Teatro, Ertza Dantza, Gaitzerdi, La Pez, Muyuyai, Pez Limbo, Rouge Eleak eta Zirkozaurre. Eurekaz batera egongo dira Kukai, Hortzmuga, Etorkizuna Kontzeptuak eta Markeliñe taldeak, lanik berrienak aurkezteko. Leire Mesa dantzariak, bestalde, "Twisting the balance" proiektua aurkeztuko du, datorren urtean estreinatu asmo duena.
Lopezek azaldu duenez, “proposamen berritzaileak” ekarriko dituzte taldeek. “Dantzaz konpainiako kideek, berbarako, Christophe Pavia ile-apaintzailearen orrazkeragaz dantzatuko dituzte Arriagaren doinu barrokoak zein Niña Coyote y Chico Tornado taldearen rocka”.
Beste konpainien artean, 24 Espainiakoak dira, eta bederatzi, beste herrialde batzuetakoak. Umore Azokaren arduradunen ustez, ikusgarria izango da, esaterako, La Grosse B frantziarren pinball makinetan oinarritutako Insert Coin zirku-ikuskizuna; zuzeneko musika, akrobaziak, umorea...
Ikuskizunez gozatzeko 27 leku
Denera, 14 gune eszeniko izango ditu jaialdiak, eta gune horien barruan, 27 espazio egongo dira, ikuskizunetarako; besteak beste: Kultur Leioan, Jose Ramon Aketxe zein Errekalde plazetan, errotan, udaletxean, Bulebarrean, Mendibile Jauregian, Pinosolon... Gainera, Artekale Espazioa ere erabilgarri jarriko du Umore Azokako antolakuntzak bigarren urtez. Espazio horretan, ikusgarritasuna eman gura diote Euskal Herriko kale-arteen feria, jaialdia, konpainia eta banatzaileak batzen dituen elkarteari. Ikusle, konpainia eta profesionalen topagune bihurtuko da, horri esker, Kultur Leioako erakusketa-aretoa.