Udal hauteskundeak 2015

"Aldaketarako grina" eta "gaudenon egiteko modu ona" aurrez aurre Leioan

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 24a, 18:28

Ruben Belandia Esnatu Leioako hautagaia bozkatzen.

Leioan, hauteskunde kanpainan, "aldaketa" izan da entzun ahal izan dugun berba nagusietako bat. Besteak beste, "aldaketaren bidean aurrerapauso handia emango dutelakoan dago" Arkaitz Fullaondo EH Bilduren hautagaia. Ahal Dugu (Podemos) alderdiak sustatutako Esnatu Leioa ere aldaketa bultzatzeko sortu zen. Emaitzei dagokienez, ostera, "Batek daki. Sentsazio onak ditugu, baina ez da erraza", aipatu du Ruben Belandia hautagaiak. 10:00etan Errekalde plazako nagusien etxean bozkatu du Esnatu Leioakoak. Bitartean, kargua berretsi gura duen Mari Carmen Urbieta EAJko hautagaiarekin kontaktuan jartzen saiatu arren, oraindik orain ez dugu lortu, berba hauek idazten gabiltzan bitartean. Hala ere, hauteskunde-kanpaina amaierarekin batera gutuna plazaratu zuen Leioako EAJren webgunearen bidez Urbietak. Besteak beste, Vicrilak udalerrian lantoki berria zabalduko duela berbagai, Leioara aberastasuna eta ongizatea ekartzen laguntzea eskertu zien "Unai Rementeria ahaldun nagusia izateko hautagaiari eta Bizkaiko Foru Aldundiari". "Horiek ekintzak dira, EAJn gaudenon egiteko moduaren adierazgarri, ekarpen positiboak eginez eta desberdinen arteko akordioa bilatuz denon ongia helburu izanik. Horregatik eskatzen dizuet botoa", adierazi zuen Urbietak.

Alkate bada ere, Mari Carmen Urbieta Gonzalez mediku jeltzalea ez da gaur arte zerrendaburu legez lehiatu hauteskundeetan. Izan ere, Eneko Arruebarrenak Metro Bilbao zuzentzara joan aurretik, orain dela urte bi, utzi zion agintari makila Urbietari. Bestalde, Irabazi, Esnatu Leioa, POSI eta Aulki Zuriak hautagaitzen ere Udalean leku bat lortzeko lehian dira.

Arkaitz Fullaondo EH Bilduko hautagaiaren berbetan, "parte-hartzea igo da eta nabaria da aldaketarako grina". "Espero dugu EAJk higadura sumatzea eta EH Bildu erreferentzia nagusia izatea", amaitu du Fullaondok. 10:00etan Sakoneta kiroldegian bozkatu du EH Bildukoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun