Pozik azaldu dira antolatzaileak lortutako erantzunagaz eta egitarauak izan duen kalitateagaz. Kalean ere erantzun positiboa jaso dutela nabarmendu du Ana Lopez zuzendariak: “Publikoaren komentarioak oso onak izan dira, eta emanaldietan oso harrera ona eduki dute”. Eguenean euriak egitarauan moldaketa gutxi batzuk eragin zituen, baina eguraldi onarekin jendez bete dira asteburuan Leioako kaleak, eta jendetza bildu da egunero.
Umore Azokak duen azoka izaera ere agerian gelditu da lau egunotan. Sektorearen topagune izan den Artekale gunean mugimendu bizia izan baita. 150 programatzaile eta banatzaile baino gehiago egon dira Leioan egunotan piezak ikusten, eta oso pozik azaldu dira antolatzaileak azokan izan den mugimendu komertzialarekin. “Fruitu oso emankorrak eman ditu topaketak merkatuaren aldetik eta oso baliagarria izan da kale arteen sektorea ikusgarri jartzeko”. Lopezek adierazi bezala hirukoitza baita Umore Azokaren izaera. “Festibala da Leioara hurbiltzen den jendearentzat, festa da herriarentzat, eta azoka da profesionalentzat”. Eta hiru zutabeetan izandako emaitzen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek aurtengoan.
Saritutako ikuskizunen, azoka egunetako emanaldien edota konpainien argazkiak ikusteko egin klik hemen.