Selektibitatearen harira, hezkuntza eredu propio bat defenditu eta hezkuntza komunitateagaz egungo ereduaren inguruko eztabaida "zabala eta argia" martxan jartzeko eskatu diote Ikasle Abertzaleak (IA), Ernai, STEILAS, LAB eta Sortzen erakundeek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari. "Bertako ikasleei eduki eta eredu arrotzak sartzeko asmoz" proba hau "Madrildik ezarri zigutela" adierazi dute. Gainera, ikasleak "euren etorkizuna erabat baldintzatuko duen azterketa egitera behartuta" daudela salatu dute. Barikuan, ekainak 12, manifestazioa egingo dute, 18:00etan, Bilboko Moyua plazatik abiatuta, "Selektibitateari ez!" goiburu pean.
Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 10ean, eguaztena, 08:45ean hasiko dira eta 18:45ean bukatu. Bigarren egunean, eguena, hilak 11, azterketak 09:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, barikua, 09:00etatik 15:00etara.