Pinosoloko proiektuari buruzko ikerketa batzordeak "ustelkeria zantzu garbiak" azaleratu zituen 2014ko azaroan. Eneko Arruebarrena alkate ohia eta Jon Loizaga Kirol zinegotzi ohia —biak ala biak EAJkoak— lotzen ditu ustezko irregulartasunakaz. "Kutunkeria" susmoak tarteko, birritan esleitu behar izan zituzten kiroldegia altxatzeko lanak. Hala ere, Eusko Legebiltzarrak ez du Arruebarrena Metro Bilbaotik "berehala kaleratzea" eskatuko, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu ostean, atzoko osoko bilkuran. Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikoaren Batzordearengan utzi dute erabakia.
Joseba Zorrilla legebiltzarkide jelkideak adierazi zuen Arruebarrena ez dutela auziperatu, Pinosolo kiroldegiko proiektuaren inguruan sortutako susmoak direla-eta. Alkate ohiaren "errugabetasun presuntzioa errespetatzea" eskatu zuen. Bere berbetan, "joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan Leioako EAJren kudeaketa zintzoa eta eraginkorra balioztatu zuten herritarrek; auzo denetan irabazi zuen".
2011ko udal hauteskundeakaz konparatuta, 300 boto galdu arren, 9 zinegotzi lortu zituen EAJk maiatzaren 24ko bozetan. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, ostera, ordezkari bana galdu zuten. Eta Ahal Duguk (Podemos) sustatutako Esnatu Leioak 2.356 boto eta 4 zinegotzi lortu zituen. Arazorik ez du izango bihar Mari Carmen Urbietak alkatetzari eusteko. Are gehiago, PSE-EEgaz adostutako hitzarmenaren ostean. Udalei dagokionez, zerrendarik bozkatuena PSE-EErena edo EAJrena denean, gutxien bozkatua izan den alderdiak ez du hautagaia aurkeztuko, eta boto zuria edo aldeko botoa emango du, egoeraren arabera.