Erosketak etxera eroaten jarraituko du Leioa Bidean zerbitzuak

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 27a, 11:03

Leioako Merkatarien Elkarteak hitzarmena sinatu du Grupo SIFU enpresa leioaztarragaz, banaketaz ardura dadin. © LEIOAKO UDALA

Leioa Bidean da herriko dendetan egindako erosketak etxez etxe banatzeko zerbitzua, eta aurrera jarraituko du, udal iturriek baieztatu dutenez. Leioako Merkatarien Elkarteak hitzarmena sinatu du Grupo SIFU enpresa leioaztarragaz, banaketaz ardura dadin. Agintari leioaztarrek adierazi dute arrakastatsuak izan direla azken sei hilabeteotan egindako probak: 80 merkatari baino gehiago batu dira ekimenera, eta erosketak etxera eramateko 3.000 eskaeratik gora jaso dituzte. Denera, 1.200 herritarrek erabili dute Leioa Bidean zerbitzua.

Leioako Udaletik sortu den proiektua da Leioa Bidean, Merkataritza Biziberritzeko Planetik ateratakoa. Helburua da udalerriko sakabanaketa geografikoak dakartzan hesiak desagerraraztea, leioaztarren eta Leioako merkatarien arteko harremanak zailtzen baitituzte.

Merkataritza Biziberritzeko Planari esker, herritarren premia bat antzeman zen, etxez etxeko banaketa zerbitzu baten bidez ase zitekeena. Lanbidetik jasotako finantzaketaren bidez, posible izan da sei hilabetez hiru pertsona kontratatzea horretarako (bi logistika eta banaketarako, eta bat koordinaziorako).

Zerbitzu horri esker, Udalak onuradunentzako abantaila nagusi bi antzeman ditu:

Alde batetik, salmenta gehiago egon da (batez ere udalerriko periferiako merkataritzan) eta beren gogobetetzea handitu da bezeroei balio erantsia eskaini ahal izan dietelako.
Bestalde, Leioako herritar gehienak "herrikoago" sentitu dira zerbitzuari esker, eta etxerako gastua handitu dute udalerriko dendetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun