Garapenerako lankidetza proiektuetarako diru-laguntza eska daiteke Leioan

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 3a, 13:40

Saharako umeak etorri ohi dira uda gure artean igarotzera.

Herrialde txiroakaz elkartasun-konpromisoa adierazteko, 2000tik aurrekontu-partida bideratzen du Leioako Udalak, garapenerako kooperazioko proiektuak finantzatzera. Helburua irabazi-asmo bariko erakundeen bidez herrialde txiroen garapenari laguntzea da", azaldu dute agintari leioaztarrek. Horretarako, aurtengo diru-laguntzak bideratzeko proiektuen aurkezpen epea zabaldu du daborduko Leioako Udalak. Talde eskatzaileen inskripzio-epea zabalik dago uztailaren 17ra arte. Denera, 199.430,05 euro banatuko dituzte.

Deialdi honek laguntzak arautzen ditu, irabazi-asmorik gabeko erakundeen bidez herrialde pobreetan garapenerako lankidetza-ekintzak egiteko. Lehentasunezkoak izango dira jarduerak Latinoamerikan, Afrikan eta Asian; bereziki kontuan hartuko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan (SAED) eta Dominikar Errepublikan egindako proiektuak.

Bestalde, jakina da, laguntza hauek jasotzeko, erakundeek hainbat baldintza bete behar dituztela, berbarako, egoitza soziala Bizkaian edukitzea eta Leioan bazkideak izatea. Bestetik elkarteak eta erakundeak irabazi asmo gabekoak izan behar dira eta Hirugarren Munduko garapenerako lanak egin behar izango dituzte.

Hainbat partida

Talde eskatzaileen inskripzio-epea irekita dago uztailaren 17ra arte. Beraz, laguntza eskuratu gura duten elkarteek euren izena eman behar izango dute eta kontutan izan beharko dute, beti bezala, hainbat partida ezberdin egongo direla. Hau honela, banakako partida bi daude nominatiboak direnak, hau da, daborduko esleituta daudenak Dominikar Errepublikan eta Saharan lan egiten duten talde birentzat, herrialde bi hauek Leioagaz anaituta daudelako.

Diru laguntza hauek eskuratu ahal izateko interesdunak eskakizunak bete beharko dituzte Udaleko Erregistro Orokorrean. Eskakizun honetan agertzen den moduan, jakin beharrekoa da laguntza hauek eskuratzeko hainbat baldintza bete behar direla. Alde batetik legalki eratuta izan behar dira elkarteak eta gutxienez urte bete arinago eratuak izan beharko dira. Elkarteen helburu bakarra herrialde behartu hauen aldeko lana egitea izango da, euren garapen soziala eta ekonomikoa hobetzearen aldekoa, hain zuzen, eta helburu hauek aurrera ateratzeko azpiegitura eta esperientzia nahikoa dutela jakinarazi behar izango dute. Gainera, joan den urtean laguntza hauetariko bat jaso duten taldeek dirua non gastatu duten jakinarazi eta frogatu beharko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun