Besteak beste, Adrian Guemes eta Jon Etxaniz aurrelariak, Ekaitz Molina erdilaria eta Iñigo Carro atzelaria ekarri ditu Portugaletetik, Tudelanotik, Durangoko Culturaletik eta Barakaldotik, hurrenez hurren. Gordobilek gizon horiekaz ordezkatu gura du joandako tropela: Ander Vitoria, Burgosek fitxatu duena; Sergio Garcia, Lehenengo Mailako Eibarren jokatuko duena; Ali Diakite, Guadalajarako jokalari berria; Alaña, Athleticeko kadeteak Lezaman entrenatuko dituena; Diego Simon, Gernikara joandakoa; Ormazabal, Zamudiora jo duena; eta Bernardo, Coch, Garmendia, Larrucea, Paredes eta Yurrebaso. Halere, Sarriena ez da hutsik egongo aurten, klubak berritu baititu hainbaten fitxak: Oier Barrado, Goikoetxea, Julio Montero, Iturrioz, Gabilondo, Polanco, eta Cordoba, Bilbao Athleticegaz jokatzeari uko egin zion-eta. Taldea entrenatzen laguntzeko, arrasatearrak Kike Alonso teknikaria ekarri du Gernikatik. Oraingoz, Leioak 7 partida aurreikusi ditu denboraldi-aurrekoan, uztailaren 29a eta abuztuaren 19a bitartean. Sei Bizkaian jokatuko dituzte eta denboraldi-aurrekoaren azken partida Castron izango dute.