Bozketa aurretik esana zuen Mari Carmen Urbieta alkate jelkideak, "UAOk aldaketarik behar ez" duela, Martinez sozialistak alkatearen berbak eta bereak ildo beretik zihoazela konbentzitzen saiatu arren. Urbietaren arabera, "udal batzarretan beti jaso ditugu herritarren eskaerak".
EH Bilduren ustez, udal batzarretan "leioaztarren parte-hartze aktiboa sustatu behar da gai-ordenaren barruan hauen galderak eta eztabaidak baimenduz. Horretarako, Udalaren araudian egin beharreko aldaketak eta moldaketak martxan jartzea proposatzen dugu", azaldu zuen Arkaitz Fullaondo koalizio abertzaleko bozeramaileak. Ildo beretik zihoazen informazio-batzordeetarako egindako proposizioak. Osoko bilkurak azken eguenetan izango dira, 19:00etan.
Soldatak
Mari Carmen Urbieta (EAJ) alkateak urteko 67.087,02 euro kobratzen jarraituko du, 2008an ordainsariak izoztea onartu ostean. Juan Carlos Martinez (PSE-EE) alkateordeak, ostera, 57.023,96 euro jasoko ditu urtean. Bestalde, hileko 603,48 euro ordainduko diote alderdi politiko bakoitzari eta 188,58 euro zinegotziei. Dietak ere badaude, ohiko osoko bilkuretara (67,23 euro) edo ez-ohiko udal batzarretara (73,44 euro) joateagatik. Hurrenez hurren, ordainsariak %20 eta %15 jaistea eskatu zuten EH Bildu koalizioak eta Esnatu Leioak.