Andoni Hernandez iheslari leioaztarra zendu egin da

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 12a, 17:16
2014ko maiatzaren 30ean, 100 bat lagunek harrera beroa egin zioten Pili Artze Abascali, 26 urtez herritik kanpo errefuxiatuta egon ostean. Andoni Hernandez Ibarluzea ondoezik zegoen etxean.

Andoni Hernandez Ibarluzea euskal iheslari politikoa zendu da gaur goizean Baionako ospitalean, Leioako Ezker Abertzaleak baieztatu dutenez. Leioaztarrak minbizia zeukan eta Ipar Euskal Herrian bizi zen. "Senideei gure berotasun eta indar arnasa helaraz diezaiegun", datozen egunetan jakinaraziko diren agur eta omenaldi ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du Leioako Ezker Abertzaleak.

Pili Artze Abascal bere bikotekideagaz batera, Hernandez 1987an errefuxiatu zen Estatu frantsesean, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ostean. Handik Uruguaira joan zen biak eta bertan "ustezko polizia espainolek bahitu eta torturatu" zituzten, Leioako Ezker Abertzaleak adierazi duenez. Estatu frantsesera itzultzean, Paben atxilotu zituzten Hernandez eta Artze. 1995eko maiatzean, ostera, Montoubannen konfinatuak izan ziren, Euskal Herritik 500 kilometrora. Geroxeago departamendu berdineko beste hiri batean, Valence D’Agenera konfinatu zituzten.

Pili Artzek eta Andoni Hernandezek, euskal errefuxiatu politikoen kolektiboak konfinamendua apurtzeko erabakiarekin bat eginda, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Baionako katedralean itxialdia burutuz. Azkenean, Arbonan (Lapurdi) finkatu ziren nahiz eta kanporatuak izateko arriskuan egon.

"Bere bizitzaren azken urteetan Arbonan (Lapurdi) bizi izan da Andoni. 2014an iheslarien kolektiboak hartutako erabakiarekin bat eginez, Leioara itzuli zen, nahiz eta Arbonan bizitzen jarraitu behar izan", azaldu dute ezkertiarrek.

"Andoni, preso eta iheslarien kolektiboko gainerako kideen modura, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean eragile politiko aktiboa izan da. Bizitza osoa Euskal Herriaren aldeko borrokari emana, gudari eredugarria", amaitu du Leioako Ezker Abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun