Udal alderdi politikoetako bozeramaileek adostutako idatzian azaltzen denez, Eusko Jaurlaritzak zeharkako lantalde bat sortu du krisi humanitario horren inguruko jarduketa koordinatzeko. Aipatutako lantaldea harremanetan ipini da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiakaz, Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuakaz eta Eudelegaz, balizko ekintza-plan bat koordinatzeko asmoz. "Horretarako, Leioako Udala aipatutako lantaldearen esanetara jartzen da hark har litzakeen erabakietan, eta hau, gure jarrera, agertu gura dugu, eta Eusko Jaurlaritzari eta Eudeli jakinarazten diegu, 2015eko irailaren 9an egindako bozeramaileen bileraren ostean", irakur daiteke Udalak plazaratutako agirian.
Hain zuzen ere, irailaren 9an egin zuen lehenengo bilera lantalde horrek. Ordezkatutako erakunde denak bat etorri ziren esatean EAE 1.000 pertsona hartzeko egoeran dagoela, biztanle-kopurua eta errenta kontuan hartuta. Horrek esan gura du Bizkaiak 520 pertsona hartuko lituzkeela. Baina, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu zuenez, behin-behineko kalkulu bat baino ez da.